Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » Xabi San Sebastian

Xabi San Sebastian dugu azaroko Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko musika kontzertuen zikloko protagonista.

Xabi San Sebastianek Donostiako Estudio 4 eta Jazzlen eta Madrilgo Taller de Músicosen burutu zituen musika eta kitarra ikasketak. Izotz plaza taldean kitarrajole eta kantari izan zen hainbat urtez.  1998. urtean  Alboka taldearekin hasi zen kolaboratzen, euskal herriko musikan murgilduz. Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera saioan aritu da hainbat urtez, bertso jarriak kantatu eta musikatzen.

2004. urtean bakarkako lehenengo lana argitaratu zuen Orai (No-Cd Rekords) euskal musika tradizionalaren ikuspegi berrituaz. Zine laburmetraientzat musika konposatu eta ekoiztu du. 2005. urtean Euskal Telebistako Euskal Kanturik Onena saioan parte hartu zuen, Xalbadorren Heriotzean txapelketaren kanta irabazlea abestuz eta beste kantariekin batera izen bereko diskoa grabatuz, EKO.

Ondoren beste lan batzuk atera ditu: Ospela (2009), Erraiak (2012) eta kontzertu honetan aurkeztuko duen Zuhaitzak ez du beldurrik (2017).

2015ean abiatutako Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko kontzertuen zikloak ibilbide luzeko zein hasi berri diren musikarien eskaintzaz gozatzeko aukera ematen digu Oihaneder Euskararen Etxeko atrioaren goxotasunean. Kontzertuak hilean behin izaten dira, hileko azken ostegunean zehazki, 19:30ean.