Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » Porto: Harkaitz Cano & Mursego

Porto: Harkaitz Cano & Mursego

Maite Arroitajauregi “Mursego” eta Harkaitz Canoren arteko elkarlan hordigarri honek kantua eta spoken poetry generoak nahasten ditu. 2015eko Zarauzko Literaturian estreinatu zen eta Gasteizen Saski Naski zikloaren baitan gozatzeko aukera izango dugu.

Estimulatzaile legaletan onartuenetakoa da gure artean ardoa. Harreman sozialak sustatu eta pizteko bitartekoa, adikzio galgarria, horditasun gozoa edo  ahazturaren senidea… Ikuspegi eta ertz ezberdin askotatik begira dakioke. Baco jainkoarengandik hasi eta gaurdaino, poeten inspirazioarekin ere lotu izan da sarri.

Porto ardoaren gaia aitzakia hartuta gure gaur egungo bizitzari egindako hurbilpen liriko eta umoretsua da. Horretarako, Fernando Pessoa, Rafa Berrio, Charles Baudelaire, Bessie Smith eta beste hainbat egileren testuetan oinarrituta ondutako kantu eta poemak dakartza, emanaldirako espreski prestatutako konposizioekin batera, eta Mursegok ohikoa duen inprobisazio ahalmena lagun.

In vino veritas dio esaera zaharrak. Baina, umorerik gabe, zertarako balio du egiak? Bertso berriak uzta oneko ardoari jarriak.

Ikuskizuna Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara zikloaren barruan kokatzen da. Ziklo honek Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun ezberdinen erakusleihoa izan nahi du.

Hilean behin egiten da igande arratsaldetan. Batez ere, literatura, antzerkia, dantza, irudiak eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak ditu ardatz; baina ez dizkio ateak ixten beste mota batzuetako proposamenei, beti ere Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan egingarriak badira.