Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » Orain hilak ditugu

Orain hilak ditugu

saski-naski_orain-hilak-ditugu_webOrain hilak ditugu ikuskizun literarioarekin abiatuko da Oihaneder Euskararen Etxeko Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara delako ziklo berria. Zikloak Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun ezberdinen erakusleihoa izan nahi du. Hilean behin egingo da igande arratsaldetan. Batez ere, literatura, antzerkia, dantza, irudiak eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak izango ditu ardatz baina ez dizkio ateak ixten beste mota batzuetako proposamenei, beti ere Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan egingarriak badira.

Orain hilak ditugu Karmele Jaiok idatzitako izen bereko poema liburuan (Elkar, 2015) oinarrituta dagoen zuzeneko proposamena da. Liburuko poemak oinarri hartuta, emanaldian zuzeneko musika eta ikus-entzunezkoak uztartzen dira Aitor Agirre eta Triku Villabella musikarien eta Ander Elorza zinemagilearen ekarpenekin.

Garai bateko xalotasunaren nostalgia, ahuldadea, maitasunaren agortzea, desioaren berpiztea edota heriotza bezalako gaiak jorratzen dira ikuskizunean, azken batean, bizitzaren indar infinituaz hitz egiteko.

Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan estreinatu zen emanaldia 2015eko irailean, Euskal Idazleen Elkartean eta Donostiako Kulturak antolatzen duten “Poesia egunak” zikloaren barruan.

Karmele Jaio Eigurenek (Gasteiz, 1970) hiru ipuin liburu –Hamabost zauri (Elkar, 2004), Zu bezain ahul (Elkar, 2007) eta Ez naiz ni (Elkar, 2012)–, bi nobela –Amaren eskuak (Elkar, 2006) eta Musika airean (Elkar, 2009)– eta poesia liburu bat, Orain hilak ditugu, argitaratu ditu.

Bere lanak gaztelaniaz, alemanez, errusiarrez, nederlanderaz, katalanez eta ingelesez argitaratu dira.

Amaren eskuak nobelan oinarrituta, pelikula egin zuen Mireia Gabilondo zuzendariak, Donostiako Zinemaldian 2013an aurkeztu zena, eta Ecografías ipuina antzerkirako moldatu zuen Ramón Barea zuzendariak 2010ean.

Bere ipuinak hainbat antologietan jaso dira.