Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » Basker

liburuaren-azalaGEU elkarteak iaz abiatutako Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloak aurten Oihaneder Euskararen Etxea du bidelagun. Jon Maiak estreinatu zuen urtea bere azken lanarekin: “GUtik ZURA. Iragana, oraina eta etorkizuna”. “Basker”, “Mugaminak”, “LABURBIRA 2017”, “Arrakala” eta “Maitia nun zira?” lanek osatuko dute ikasturteko kartela.

Gaurkoan Basker eskainiko da, 1963an suediar telebista publikoarentzat Euskal Herrian filmaturiko laburmetraia dokumental etnografikoa. Suedierazko bi dokumental dira zehazki (Basker 24 minutukoa eta Bondei i Baskerland 17 minutukoa) eta ahaztuak ziren. Argibel Euba ikertzaileak, Mikel Laboa Katedraren laguntza bati esker aurkitu eta aztertu ostean, UPV/EHUk DVDan berrargitaratu ditu, Eubak eginiko azterketarekin batera: dokumentalen deskribapen zehatza eta eszenen identifikazioa, egileei buruzko informazioa, egileek Euskal Herrian bertako gidariekin batera eginiko ibilbidearen deskripzioa, filmen analisia eta dokumental bien eragin eta garrantziaren ebaluazioa.

Proiekzioaren ostean Argibel Euba eta Mikel Laboa katedrako Gidor Bilbaorekin solasaldia egingo da.

Basker eta Bonde i Baskerland balio historiko berezia duten dokumentu historikoak dira, eta balio dokumental eta etnografiko izugarriko testigantzak. 1960ko hamarkadako euskal kulturaren, folklorearen eta landatar bizimodu tradizionalen elementuak erakusten dizkigute modu zintzo eta zuzenean: Iturengo eta Zubietako inauteria, eskuzko pilota-jokoa Oiartzungo kontzejupean eta Bergarako frontoi zaharrean, kalejira eta aurresku-txapelketa Abadiñoko probalekuan, Sakabi eta Egañazpiren trikitixa, idi-dema, harri-jasotzea eta ahari-talka Aiako plazan, Zumarragako trikitrixa, Basarri eta Uztapide bertsolariak Berrizko tabernan, Egileor eta Gabilondo bertsolariak Bergarako elkarte batean, arrantzaleak kantuan Ondarroako tabernan, Leon Bilbaoren alboka Arratiako Artean, erromeria informala Arteako Maurizia eta Karakol trikitilarien etxean, nekazari-bizitza Ataunen, Zumarragako lantegi bateko lana, Bergarako Itxasmendi baserri-bizitza…

Elementu horietako batzuk aski ezagunak dira gaur egun; beste batzuk, aldiz, desagertu egin dira, gure kulturak azken hamarkadetan bizitako aldaketa arin eta sakonak agerian utziz. Suediar erreportariek gai ugari landu zituzten, baina haien interes-puntu printzipala folklorea izan zen; musika eta dantza tradizionalaren adierazpideak. Horregatik, arreta berezia jarri zuten garaian erlatiboki ezezagunak ziren eta bertako medioek orokorrean albo batera utzitako agerpen eta artistengan. Hala, herri-kulturako hainbat artisten eta adierazpenen testigantzarik zaharrenak (kasu batzuetan bakarrak) topa ditzakegu: Sakabi eta Egañazpi, Alejandro Aldekoa, Zumarragako Trikitixa, Leon Bilbao, Maurizia eta Karakol… eta, bereziki, aparteko esangura historiko eta kulturala daukan txalapartaren eszena bitxia: Martuteneko Billandegi baserri-dolareko giro ilun eta misteriotsuan, sagardo-upelez inguratuta, Jose (1889-1963) eta Jose Mari (1929-1991) Zabalegi aita-semeek txalaparta saio bat burutzen dute (baserri honetako txalapartaren ikus-entzunezko erregistro bakarra, lehena eta azkena), txalapartaren historiako une historikoan, hain zuzen 1963an.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du liburua, eta DVDa euskarazko / gaztelaniazko / frantsesezko / ingelesezko azpitituluekin.

Dokumentalen egileez:

Dan Grenholm (1921-1995) izan zen gidoilari eta esataria. Pertsona sailkaezina, musika eta gitarra izan ziren bere pasio nagusiak. Askotan bidaiatu zuen Andaluziara, flamenkoa maite zuelako. Etnografo autodidakta gisa, edozein herri-musika dokumentatzen saiatu zen eta irratian aurkitu zuen horien zabalkunderako leku aproposa. Kultur-eragile sutsua ere izan zen, hala Suedian nola Mallorcan, non hainbat urtez bizi izan baitzen.

Lennart Olsonek (1925-2010) hartu zuen Euskal Herriari buruzko dokumental biak osatzen dituzten irudiak filmatu eta editatzeko ardura. Gaztetatik Suedian eta nazioarteko mailan argazkilari ospetsu izan zen. 1960an aro berri bat hasi zen bere ibilbidean: ikus-entzunezko lanen zuzendaritzan jardun zuen, zinema-kamera bizkarrean hartuta. Beste kulturetako gai artistiko eta musikalen inguruko interesa etengabekoa da Lennart Olsonen lanetan; Andaluzian eta Indian, bere herrialde gogokoenean, filmatu zituen bere lan nagusiak. Fikziozko zineman, musikalean eta zinema esperimentalean ere lanean aritu zen, beti ere kritika sozial kutsu argi batekin. 1960 eta 1981 bitartean berrogeita hamar bat pelikula egin zituen, hauetariko gehienak suediar irrati-telebista publikoarentzat, mundu osoko herrialdeak bisitatuz, genero ugari ukituz eta errelizaziorako metodo diferenteak erabiliz. Genero guztien artean gailentzen da, zalantzarik gabe, beste kulturei buruzko gai artistiko eta etnografikoko film dokumentala.