Ahotsak.eus proiektuak azken urte eta erdian Gasteizko Ahotsak egitasmoa burutu du. Hainbat gasteiztarren ahotsa jaso dute, eurek euskara nola bizi duten galdetuz, euskarak zer leku duen Gasteizko eguneroko bizitzan, ea zer aldaketa somatu duten azken urteotan… Egindako elkarrizketak sarean daude ikusgai baita pasarte interesgarrienekin egindako ikusentzunezkoa ere. Hona hemen, Gasteizko Euskararen Ahotsak.
Gasteizko ahotsak-en sorrera eta helburuak
Ahotsak proiektuak hamaika urte daramatza Euskal Herriko Ahotsak jasotzen: jende nagusia elkarrizketatu, eta ahozko ondarea batzen. Herri hizkerak eta memoria historikoa batzen eta zabaltzen, Ahotsak.com webgunearen bitartez. Lan handia egiten ari dira herriz herri, euskalkiak jasotzeko. Baina euskalkien eremutik kanpo ere euskarabizirik dago. Gasteizen, esate baterako. Horregatik, eta orain arteko esperientzia baliatuz, Gasteizen proiektu berri bat bideratu zuten: Gasteizko Euskararen Ahotsak.
Horretarako hainbat gasteiztarren lekukotzak jaso zituzten. Euskarak Araban izan du igoerarik handiena azken 20 urteotan; gainera, hiriburu politiko eta kulturala bihurtu da Gasteiz. Bada ordua gasteiztarren ahotsak jaso, eta denen eskura jartzeko. Gasteiz euskalduna ezagutarazteko.
Elkarrizketak eta aurkezpena
Proiektua bideratzeko crowdfunding-a egin zen, www.karena.eu plataformaren bitartez. 52 auzolaguntzaile egon ziren, era horretan proiektua martxan jartzeko beharrezkoa zen finantziazioa lortuz.
2015eko ekainean hainbat gasteiztarren lekukotzak jaso ziren Oihanederren, 13 lagun guztira. Denetik elkarrizketatu zuten, gazte zein heldu, ibilbide eta arlo ezberdinetakoak. Gehien-gehienak euskararekin lotura handia duten pertsonak dira: nola edo hala euskara sustatzen dihardutenak. Atzerritik etorri, eta Gasteizen euskaldundu denik ere bada: Jordi Serra katalana, esaterako. Eta euskal kulturako aurpegi ezagunik ere igaro da kamararen aurretik: Karmele Jaio zein Rikardo Arregi idazleak, Mikel Urdangarin eta Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak, Iñaki Martinez de Luna hizkuntzalaria…
Proiektuan jasotako informazio guztia webguneko Gasteizko Ahotsak atalean dago jasota. Elkarrizketatuen eta grabazioen datuak, biografiak, datu teknikoak…
Proiektua apirilaren 6an aurkeztu zen Oihanederren. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gainera, ikus-entzunezkoa aurkeztu zen eta mahainguru txiki bat ere izan zen, Iñaki Martinez de Lunarekin batera.
Orain arteko emaitzak: ikusentzunezkoa eta pasarteak sarean
Gasteizko euskararen ahotsak ikus-entzunezko batean bildu zituzten, Gasteizen euskara bizi-bizirik dagoela erakusteko. 27 minutuko iraupena dauka, eta sarean dago, interesa duenaren eskura. Dokumentalaz gainera, elkarrizketatuen bideo pasarte batzuk ikusgai daude dagoeneko webguneko Gasteizko orrian, baita Youtubeko gure kanalean ere.
Aurrera begirako asmoak
Gasteizen elkarrizketa gehiago egiteko asmoa dago, orain arte jasotakoa lagin txiki bat delako. Adin eta arlo ezberdinetako gasteiztarrak elkarrizketatzea da asmoa, epe laburrera, euskararen ahotsak behar bezala jaso eta zabaltzeko. Orain arte egindako elkarrizketak gehiago lantzea ere dute helburu, eta lekukoen bideo pasarte on denak identifikatu eta sarean jarri; orain arte zati txiki bat besterik ez baita erakutsi.