Día del euskera alegre y luminoso

2015-12-04 / oihaneder

Giro epelean ospatu dugu 2015eko Euskararen Eguna. Olabide ikastolako “Andoayneko fusyak” taldeak irabazi zuen goizean jokatutako euskararen ginkana. Finalera heldutako lau taldeak bikain aritu ziren, hein handi batean publikoaren animoei esker.

Arratsaldean Alea aldizkariaren desiren zuhaitzari ongietorri epela eman zitzaion. Zuhaitza gabonen amaierara arte egongo da Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan nahi duen orok bere desioa eskegi dezan.

Ostean «Euskarak 365 egun» kalejirari ekin zitzaion. Ehundaka lagun Andra Mari Zuriaren enparantzara abiatu ziren, kandela eskuan eta euskara ahoan. Kandelez osatutako «Euskarak 365 egun» lema argitsuari Euskal Herrian Euskaraz  kanta gehitu zitzaion, une goxo bezain epela sortuz.

Oihanederrera bueltan, «Zirk Zark» Arabar euskaldunon zirkuak piztu zuen bertaratutakoen irribarrea.  Arteaz eta euskaraz bete genuen ur biltegia.

Ospakizun egun eder bat, urteko gainontzeko 364 egunetan ere euskaraz bizi nahi dugula lau haizeetara zabaltzeko!