Oihaneder Euskararen Etxea – Gasteizko Kafe Antzokiaren kokapenaz

2016-12-30 / Lazarraga elkartea

Oihaneder Euskararen Etxea – Gasteizko Kafe Antzokia egitasmoaren (OEE-GKA) sustatzailea den Lazarraga Kultur Elkarteak (LKE) azken hilabeteetan izandako bileren eta hausnarketen ondorioz hartutako erabakia helarazi nahi dio egitasmoaren inguruko eragileei, iritzi publikoari eta oro har Gasteizko jendarteari.

Aurrekariak:

Uztailaren 15ean Udal Gobernuak OEE-GKA-rako kokapen proposamena egin zuen Santa Maria Fundazioak landutako txosten batean oinarritua. LKE-k bere iritzia plazaratu zuen proposamen honen harira:

“Lazarraga Kultur Elkarteak egoki ikusten du Oihaneder Euskararen Etxea-Gasteizko Kafe Antzokia egitasmorako kokapen proposamen sendo bat egotea. Honekin batera, egun etxadian martxan dauden jardueren jarraipena eta egitasmoarekiko kontsensu politikoa bermatu behar dela deritzo, baita izaera juridiko propioa eman eta etorkizuneko kudeaketa adostu ere. Era berean, proiektua bere osotasunean garatuko delako konpromisoa eta berme osoak izatea nahitaezkotzat jotzen du”

 Eskoriatza-Eskibelen etxadi osoari eragingo zion proiektua garatzea erreza izango ez zela jakitun ginen hasieratik. Izan ere, bertako alde batean, frontoian hain zuzen ere, Auzolana egitasmoa dago martxan gaur egun. Horregatik zehaztu genuen honen inguruko gure iritzia:

“(…) Lazarraga Kultur Elkarteak honako puntuak bermatu behar direla deritzo: Gaur egun Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian martxan dauden proiektuen eta jardueren jarraipena. Etorkizuneko azpiegituraren nolakotasuna eta kudeaketa ereduak inplikatutako aldeen artean adostu beharko lirateke (…)”.

Dena den, konbentzituta geunden kokapen proposamena, denon artean hausnartu eta eztabaidatu ondoren, garatzeko modukoa zela. Horiek horrela, hainbat talde eta eragilerekin bilerak egiten hasi ginen irtenbide posibleen bila.

Irailetik urtea amaitu arte:

 Alde zaharreko eta euskalgintzako hainbat eragilerekin bildu gara hilabete hauetan, baita Udal Gobernuko eta Udalbatzako alderdi batzuekin ere. Hainbat iritzi kontrastatu ditugu eta LKEren bileretan makina bat hausnarketa eta eztabaida izan ondoren honako ondorio honetara iritsi gara:

“ (…) Udalak proposatuko kokapenak nahikoa aldekotasunik jasotzen ez duela ondorioztatu dugu, Auzolana frontoia proiektu horretatik at uzteko iritzia nahikoa zabaldua dagoela, alegia”.

 Ondorioz honakoa eskatzen diogu Udal Gobernuari:

“ (…) Oihaneder Euskararen Etxea – Gasteizko Kafe Antzokiaren proiektua Eskoriatza-Eskibel etxadian garatzeko asmoarekin jarrai dezala, baina Auzolana frontoian esku hartzea aurreikusten ez duen kokapen proposamena birplanteatuz.

 Balorazioa:

Udal gobernuak bere proposamena egin zuenean esan genuen bezala: “egoki ikusten dugu egitasmoarekiko konpromisoa berresten duen kokapen proposamen sendo bat egotea” eta uste dugu aukera ederra dugula esku artean Gasteizen euskararen eta euskaldunen onerako izango den azpiegitura kultural baten egitasmoa garatzeko.

Oraingoz ez dago egitasmoa proposatu den moduan martxan jartzeko aldekotasun nahikorik baina horrek ez du esan nahi ezingo denik gauzatu. Lazarragako kideok Eskoriatza-Eskibel etxadia  proiektua garatzeko leku aproposa dela pentsatzen jarraitzen dugu eta frontoia proiektutik kanpo utzita egitasmoa egokitu daitekeela uste dugu.

Era berean, udako balorazioan aipatu bezala, azpiegitura lanekin batera (eta ahal dela, lehenago) egitasmoak etorkizunean izango duen kudeaketa adostu eta lantzen hasi behar dela deritzogu. Honez gain, egitasmoaren izaera juridikoa ere zehaztu eta martxan jartzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Lazarraga Kultur Elkarteko kideok argi daukagu hirirako hain garrantzitsua den proiektua ezin dela gatazka batetik abiatu eta horregatik uste dugu oinarri sendoak finkatu behar direla egitasmoa ahalik eta indartsuen haz eta gara dadin.

Denok eman beharko dugu amore zerbaitetan. Uste dugu malgu jokatzeko garaia dela eta ondorioz, ditugun aukerei ausardiaz begiratzeko.

Berraztertu dezagun Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea hartuko dituen proiektua eta iker ditzagun egitasmoa garatzeko aukerak erabilgarri dagoen espazioan.

Ziur gaude hitzaren bitartez elkar ulertzeko parada izango dugula. Ekin diezaiogun lanari!