Jasone Osoro idazlearekin solasean, abenduaren 14an Judimendiko liburutegian

2016-12-01 / Kultura gizarte etxeetan

Udalaren Liburutegi Sareak solasaldi bat iragarri du “Idazleekin solasean” izeneko zikloaren barruan. Euskaraz idatzitako literaturaren inguruan jardutea da ziklo horren xedea, eta horretarako idazleak liburutegietara etortzen dira haien lanaz hitz egitera. Karmele Jaio idazle gasteiztarrak koordinatzen du programa, eta kasuan kasuko idazlearekin solasaldi horiek dinamizatzen ditu, beti ere literaturaren eta irakurketak sortzen duen plazeraren inguruan.

Hurrengo hitzordua Jasone Osoro idazlearekin izango da, Judimendiko gizarte etxeko liburutegian, abenduaren 14an, 19:00etan. Sarrera librea da.

Jasone Osoro kazetaria da lanbidez eta prentsan ez ezik, telebistan ere aritu da gidoigile. Literaturari dagokionean, Tentazioak eta Korapiloak ipuin liburuak eta Greta eleberria idatzi izan ditu besteak beste. 2014tik Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da. Berarekin hitz egiteko aukera izango dugu bere lanez, literaturaz eta bizitzaz.

jasone-osoro_oi

Maitasuna, jeloskortasuna, damua, beldurra, mendekotasuna… Jasone Osororen azken lana, 12etan bermuta, emozioen kaosaren logikatik idatzita dago, idazleak berak aitortu duenez. Bertak, liburuko protagonistak, bere bizitzaren errepasoa egiten du inportanteak izan diren pertsonekiko solasean: ama, aita, alaba, senarra, amama, anaia, maitalea, laguna… Mosaiko baten eran eraiki du Osorok lan hau: pieza txikiz osatua eta bertan urtetako esperientzia bital eta artistikoa erakusten du.