IZAN MEDIA

2014-11-20 / Hala Bedi Irratia

Egilea: Hala Bedi irratia

Hala Bedi Bi dialean 88.8an eta HalaBedi.org helbidean streaming bidez aurkitu ahal duzuen irrati kate euskalduna da. Aurten berrikuntzaz josita dator, 8 irratsaio berri hasi baititugu:

  • Alboko Kantoia
  • Mutxaien Karabana
  • Alai Bedi
  • Euskalduntxarrak
  • Bulun Bulunka
  • Bibalabedi
  • Emak Bakia
  • Oinutsik Lokatzetan

Horrez gain, goizero igortzen ditugu aktualitateari buruzko elkarrizketak, Zebrabideatik hartuak, eta, astean zehar, egunean bi aldiz proposatzen ditugun agenda deialdiak. Eta, noski, Arrosa Saretik hartutako irratsaioak ditugu gure parrila osatzeko.

Gure proiektuak jendearen parte hartzea eskatzen du. Horregatik, aurten ere, eta laugarren urtez jarraian, Izan media izenburupean irrati tailerrak antolatu ditugu azaroaren 24retik 27ra (astelehenetik ostegunera, Oihaneder jauregian). Tailerren lehen eguna ahozkotasuna eta lokuzioa lantzeari eskainiko diogu; Bigarrenean, esan eta izan izenburupean, Hala Bediren aurkezpena egingo dugu, eta 30. Urteurreneko dokumentala emango. Hirugarrena, berriz, audio sorkuntzan trebatzen pasako dugu. Eta laugarrena audio edizio eta podcast-ekin bukatuko dugu.

Tailerrak arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango dira, Oihaneder Etxean. Izena emateko epea zabalik dago eta nahikoa da hbiprogramazioa@gmail.com helbidera email bat bidaltzearekin. Beraz, badakizue, animatu parte hartzera. Ez dagoelako aitzakiarik, ezta erreuma edo San Vitoren dardararik.

Osasuna ta bitamina