Izan Media herri komunikaziorako tailerrak, Hala Bediren eskutik

2016-04-06 / Hala Bedi Irratia

Izan MediaKomunikabideek mugitzen dute mundua. Askotan errepikatuagatik, oharkabean ahazten dugun egia horietako bat da. Komunikatzen ez dena, azken batean, ez delako existitzen. Zerbaiten parte izan nahi duenak, beraz, komunikatzeko beharra dauka. Edo beste era batera esanda: izan nahi dugulako komunikatzen gara.

Hedabide nagusiak gutxi batzuen eskuetan dauden garaiotan, bestelako gizarte eredu baten alde lanean gabiltzanontzat, egiten duguna behar bezala komunikatzea ezinbestekoa da. Eta horretarako, eskura ditugun tresnak ahalik eta ondoen erabili behar ditugu.


Hori da, hain zuzen ere, Hala Bedik antolatutako komunikazioaren inguruko tailer hauen helburua. Azken bost urteotan irratiaren munduaren inguruko formazio tailerrak egitera mugatu bagara ere, aurten, eskaintza zabaltzea erabaki eta ikus-entzunezko bestelako disziplina batzuen inguruko tailerrak ere eskainiko ditugu hiru asteburutan zehar. Irratsaio bat, bideo bat zein kartel bat egiten trebatzeaz gain, Hala Bedi hobeto ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera aproposa duzu honako hau.
Tailerretan parte hartzeko plazak mugatuak izango dira. Tailer bakoitzean 20 pertsona inguruk parte hartu ahal izango dute, beraz, lehenbailehen izena ematea komeni da. Tailerrak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean emango dira larunbat goiz eta arratsaldez. Tailer batean parte hartzeagatik 10 euro ordaindu beharko dira, eta trukean Hala Bediren USB esklusibo bat emango diegu izena eman duten guztiei. Tailer baten baino gehiagotan parte hartu nahi duenak, lehenengotik aurrera, 5 euro ordaindu beharko ditu tailer bakoitzagatik.

Izena emateko idatzi “izanmedia@halabedi.eus” helbidera. Informazio gehiago, halabedi.eus helbidean

Txinatarren esaera zahar hark zioen moduan: Entzun eta ahaztu egiten dut. Ikusiz gogoratzen naiz. Egindakoan ulertzen dut. Bagarelako jarraituko dugu komunikatzen.