Gizonezkoen sexismoa

2015-05-22 / Euskara Zerbitzua

hitzaldiaElhuyarrek Nola txertatu genero-ikuspegia hizkuntza-politikan? lana aurkeztu zuen martxoaren 11n Oihaneder Euskararen Etxean. Aurkezpen horren oinarrian Euskara eta Berdintasunerako zerbitzuek eskatutako lan bat zegoen: Euskara Zerbitzuak hirian dituen programak eta jarduerak aztertzea, eta genero ikuspegia txertatzeko moduak proposatzea. Hitzaldian harago joan nahi izan zuten eta ildo horretan lan egiteko marko baten proposamena aurkeztu.

Elhuyarreko lagunek gauza interesgarri asko mahairatu zuten: besteak beste, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko aliantzak eta konplizitateak sortu beharra. Bi norabideko konplizitateaz ari ziren. Euren ustez, berdintasunaren munduan euskararekiko sentsibilitate berezia sortu behar da, eta euskararen munduan berdintasunarekiko sentsibilitatea. Hitzaldi horretan bertan azaltzen zuten bezala: “Izan naiteke feminista euskaltzalea izan gabe? Eta alderantziz?”

Xabier Odriozola antropologoa eta psikoterapeuta da. Donostian jaio zen 1964. urtean. Sexismoa eta berdintasuna landu ditu, maskulinitatearen ikuspegitik. Gizonezkoak inplikatzeko bideak jorratu ditu, eta helburu horrekin gizon taldeak sortu izan ditu hainbat herritan. Horretan lan egiten du gaur egun ere. Bere eskarmentutik abiatuta, ‘Gizonezkoen sexismoa, maskulinotasuna eta askapena: berdintasunerantz’ liburua argitaratu berri du. Bertan esaten den bezala, patriarkatuaren menpean, heterosexismoaren munduan hazi eta hezitako gizon belaunaldiei buruzko ideia andana ageri da liburuan: Euskal Herrian sexismoa eztabaidatzeko eta jendarte justuago eta berdintsuago baten alde lan egiteko ideiak.

Xabierrek bere burua eskaini du, liburua Gasteizen aurkezteko: Oihanederren, hain zuzen. Oihaneder Euskararen Etxetik, Euskara Zerbitzutik eta Berdintasunerako Zerbitzutik erronkari elkarrekin heldu egin nahi izan diogu, eta eskaintza onartu. Hortaz, pentsatu eta egin: ekainaren 10ean, 19:00etan, Betolaza aretoan izango dugu Xabier Odriozola, bere liburua aurkezteko eta berdintasunaren bidean gizonezkoen papera zein den gogoetatzeko.

Gonbidatuta zaudete! Ongi etorri!