Leku bat

2014-11-04 / oihaneder

[vc_row][vc_column][vc_column_text]Badugu etxea, beraz. Ez nolanahikoa, gainera. Kapital artifizialeko lekurik ederrenetako batean, bertigoa emateko moduko tamainakoa. Bakardadearen kantoitik gora, eskailera mekanikoek egindako izugarrikeria estetikoa gainditu ondoren, eskuzabal irekitzen da Montehermoso jauregia, ezker-eskuin. Inpresionatu egiten du. Orain, are handiagoa da inpresioa, euskaraz egingo baitigu ongietorria hemendik aurrera.

Jakina da: leku bat behar dugu, espazio bat, gauzak mamitzen direla ziurtatzeko. Erakunde bat sortzea da gauza bat, erakunde horrek egoitza bat duela jakitea da beste bat. 2.0 superkulturak oraindik gainditu ez duen aingura da espazialitatearena: “Ados, badute webgunea, baina non daude? Non dute egoitza?”. Euskarri fisiko bat behar du asmo sendo orok. Gasteizen ez zegoen, orain bai. Urtetsuenek Bagare zenaren oihartzuna izango dute gogoan, fenix hegazti gisa errautsetatik ber-hegaldatzeko saiakera zoritxarreko hura gora-behera. Ez, ez du zerikusirik, baina hura lekua zen, eta lekua da hau ere.

Oihaneder Euskararen Etxearen kasuan, lekua eta proiektua bera eskutik helduta etorri dira, neurri batean. “Gauzak egin nahi ditugu, eta gauzak egiteko leku egoki bat behar dugu”, hori izan da mezua. Gero etorri dira leku egokiena zein izan daitekeen erabaki ezinik ibiltzea, Alde Zaharretik ateratzeko apustuaren oihartzuna, krisi hotsak, zurrumurruak eta bestelakoak. Egin asmo dena da gauza bat, eta non egiten den (baliabideak, erreferentzialtasuna, bisibilitatea… daude tartean) da beste bat. Arrakastarako gakoak bi alderdien baitan daude.

Itxaropenez eta gogoz egongo gara ondo-ondotik begira, interesdunok. Ez da unea errezeloa erakusteko, nire ustez, diskurtso arrazista argiak euskarazko ahoskera harrigarriarekin tartekatzen dituen alkate jaunak horretarako motiboa eman arren. Oraingoz, ez dago errezelorako motiborik. Hemen doaz, horren aurka, pare bat hausnarketa baikor, proposamenak dituen alderdi berritzaileak ikusita. Batetik, webgune estreinatu berriko etorkizuna atalean, aditzak izatea ardatz: atzetik horixe egongo dela badakigun arren, eta hala behar du, aspertuta gaude plan estrategiko, egitasmo eta helburuez. Bestetik, ekimen instituzionalaren eta herri ekimenaren arteko lotura estuaren planteamendua, fisikoki ere gauzatua: udal euskara zerbitzuak eta Lazarraga Kultur Elkarteak teilatupe berean izango dute egoitza. Euskararen sustapenerako bi ardatz nagusi leku berean egotea ez da ohikoa (nik behintzat ez dut ezagutzen). Elkar igurztetik lankidetza eta asmo berriak sor bitez, eta denon onurarako izan bedi. Marotok inaugurazioan aipatutako kogestioari o eta g-aren artean n bat ager ez dadin.

Kafe antzokia iritsiko da, iritsi behar duenean. Nik, oraingoz, ez daukat presa handirik, benetan (ez bada, horrelako gauzek, atzeratzearen atzeratzez, bertan behera geratzeko eduki dezaketen arriskua). Has dadila lapikokoa egosten, eta irakiten duenean atera egin beharko du nonbaitetik.

Manex Agirre[/vc_column_text][/vc_column][/vc_row]