Araba, euskaraz bidea egiten

2017-11-15 / oihaneder

«Araba, euskaraz bidea egiten’  izenpean egingo da Euskaltzaindiaren aurtengo Jagon jardunaldia. Oihaneder Euskararen Etxean izango da azaroaren 17an 09:30etik 14:00etara. Bertan, Arabako ordezkaritza herritar, profesional eta instituzional zabal batek hartuko du parte.

Aurreko mendeetan atzerakada gertatu ondoren, azken hamarkadetan nabarmen egin du hobera euskararen egoerak Araban. Aldaketa horren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide jardunaldian. Euskaltzaindiaren  Jagon sailaren zeregina euskara sustatzea, erabilera zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea da.

Aurtengo jardunaldia Arabako gaur egungo errealitatetik abiatuta, aurrera begirako erronkez eta aukerez hausnartzeko abagune izango da, hizkuntza-normalizazioaren bidean. Ildo horretan zenbait ekimen eta esperientzia berritzaile aurkeztuko dira, eta tarte berezia izango dute euskarazko hedabideek.

Iñaki Martinez de Luna Sustapen batzordeko kide eta soziologoa ibili da egitaraua osatzen. “Azaroaren 17ko zita honetan Araban gertatzen ari den hizkuntza-aldaketaren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide” aurreratu du.

Hasteko, euskararen egungo egoera eta azken hamarkadetako bilakaera aztertuko da, gertatzen ari dena datu zehatzen argitan ikusiz. Estatistikatik harago, zenbait erakundetako euskal teknikariek hartuko dute hitza ondoren. Jarraian, euskalgintza sozialaren ordezkaritza peto-petoak hartuko du hitza, hala nola Oihaneder, Lazarraga eta Agurain 75 ordu euskaraz ekimenetako ordezkariek, Gasteizko GEU eta Trebiñuko Gutxisolo euskara elkarteetako kideek, eta helduen euskalduntzeko mugimenduaren izenean IKAko ordezkari batek. Azkenik, euskararen biziberritze arrakastatsurako erabakigarriak diren zenbait hedabideen ahotsa ere entzungo da (HEKIMEN, ALEA, Hala Bedi 2…).

Guztien ahotik eta nor bere eskarmentutik abiatuz, orain arteko lorpenez, bidean izandako oztopoez nahiz etorkizuneko aukerez hausnartzeko parada egongo da. Baina jardunaldi dinamikoa egin nahi izan dute, eta, horregatik, entzuleek ere parte hartzeko aukera izango dute, beraien zalantza edo ikuspuntuak hizlariekin partekatuz.

Egitarau osoa: hemen