Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Bidaiatu, gozatu eta gasteiztarrei kontatu!

Bidaiatu, gozatu eta gasteiztarrei kontatu!

Gasteiztarrak Arraun The World udako argazki-hizki lehiaketa martxan da laugarren urtez. Nahi duen orok 2018ko udan munduan zehar eginiko bidaiak argazki eta hitzen bitartez kontatzeko aukera izango du. Parte hartzeko epea 2018ko ekainaren 21etik irailaren 21era bitartekoa izango da. Lan onenen egileek Durangoko azokaz gozatzeko asteburu pasa kulturala irabaziko dute.  

Aurreko hiru edizioen arrakastari jarraiki Oihaneder Euskararen Etxea eta Gauekoak Federazioaren arteko lankidetza berretsi eta laugarren urtez antolatu dute Gasteiztarrak Arraun The World argazki-hizki lehiaketa.

Argazki-hizki lehiaketan parte hartzeko hogei argazkidun argazki-sorta aurkeztu behar da eta argazki-sortari eta argazki bakoitzari euskarazko izenburua jarri. Horrekin batera, egindako bidaiaren azalpen laburra bidali behar da oihaneder@oihaneder.eus helbidera (1500-2000 karaktere).

Horrekin batera, lehiakide bakoitzak sortako argazki bat aukeratu eta Facebook, Twitter edo Instagram-era igo beharko du, bere argazki sortaren izenburua zehaztuz.

Igotzean #GasteiztarrakArraun traola erabili beharko du. Facebook-en @oihaneder eta @gauekoak etiketatu; Twitter zein Instagram-en aldiz @oihaneder_etxea eta @gauekoak aipatu.

Gazteen parte hartzea sustatzeko bi adin kategoria ezarri dira; 18-30 urte bitartekoena eta 30 urtetik gorakoena. Argazki-hizki lehiaketara aurkeztutako lanen artean lau argazki-sorta sarituko dira, 250 € sorta bakoitzeko.  Kategoria bakoitzeko bi sari emango dira.

Saritutako lanen egileek abenduan Durangoko Euskal Liburu eta Diskaren Azokan asteburu pasa irabaziko dute: 2 pertsonentzako bi gautako egonaldia Durango ondoko Garaiko landetxean (150 €) eta azokan gastatzeko 100 €ko bonoa.  

Udazkenean argazki-hizki lehiaketan saritutako lau argazki-sortekin erakusketa egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. Pantaila digital batean lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak ikusi ahal izango dira.

Horrekin batera, lau irabazleek aurkezpen publikoa prestatu beharko dute, egindako bidaia argazkien bitartez kontatzeko. Aurkezpenak Gasteizko lau auzo desberdinetan antolatuko dira, euskararen normalizazioan lan egiten duten GEU, Sarburu eta Zizta elkarteekin elkarlanean.

Aurten ere jendea bere bidaiak kontatzeko gogotsu egongo delakoan, bideaz gozatu, eta bueltan kontatu!

Erantzun bat utzi

X