Udatea, egarria asetzeko kultur edatea

2020-06-19 / oihaneder

Badira ia lau hilabete Oihaneder Euskararen Etxean aurrez aurreko azken jarduera egin genuenetik. Poliki-poliki normaltasun berrira egokitzen hasi gara ekainean, eta horren ondorioz hilabeteko egituratik urtarora salto egin dugu. Oihanederren proposamenak uda osora begirakoak izango dira hortaz: alde batetik, beste urte batzuetan jorratu ditugun jarduerak berriztu ditugu (Gasteiztarrak Arraun The World, Kortxeak & Krispetak, Irri barra gauak…), eta bestetik, proposamen berriak jorratu ditugu, egoera berrira egokituz.

Martxoaren 4an egin genuen Oihanederren azken jarduera. Baina lanean jarraitu dugu, eta besteak beste, ekainera bitarteko hilabeteetan sare sozialak izan dira gure jardunaren erakusleiho, bereziki, euskal kulturaren inguruan proposatu ditugun lehiaketa ezberdinen bidez. Aurreikusita genuen aurkezpenen bat ere Instagram bidez zuzenean egitea lortu dugu. Ia 4 hilabeteren ondoren, apurka- apurka aurrez aurreko jarduerak egiten hasiko gara ekaina amaieratik aurrera. Egoera berriari egokitutako jarduerak antolatu ez ezik, Oihanederren ohiko programazioan berrikuntzak ere egingo ditugu hilabete hauetan, eta horren berri emango dizuegu jarraian.

Kultur Udatea Oihanederren

Uda, udara, udaldia edo udatea, urtaro berari deitzeko lau modu ezberdin. Guk ere aniztasuna dugu gustuko, eta sei arlo ezberdinetan antolatuko ditugu gure proposamenak hurrengo hiru hilabeteetan: lehiaketak, deialdiak, filmak, kontzertuak, antzezlanak eta familia jarduerak.

Udate honi hasiera garai honetan Oihanederren izan ohi dugun lehiaketa batekin emango diogu: Gasteiztarrak Arraun The World argazki-hizki lehiaketa izango dugu ekainaren 20tik aurrera, udako urtaroan sartzearekin batera. Lehiaketa honen 6. edizioa izango da aurtengoa eta izena aldatuta dator Arraun The Basque’s World.

Izan ere, aurtengo oporrak gutariko askok Euskal Herrian pasako ditugunez, lehiaketa moldatu eta mundu osoko argazkiak jaso beharrean, bertako gai ezberdinetako irudiak jaso nahi ditugu, euskaldunen munduan zehar “arraun” eginez, eta argazkietan islatuz.

Deialdiei dagokienez, 2019tik martxan izan dugun Batera: kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntza deialdia ixteko momentua izango da. Badira sei hilabete deialdi honetako irabazleak beren proiektuak gauzatu ahal izateko lanetan hasi zirela, eta ekaineko azken egunean aurkeztuko dizkigute: bi liburu berezi (Bizimundua eta Tinta eta grafito artean: musak) eta dokumental baten trailerra (Erroak). Aurtengo deialdiaren datak iragarriko dira aurkezpenean bertan.

Bigarren deialdi bat ere izango dugu: uda honetarako antolatu dugun berrikuntzetako bat izango da Egin Leku!, urtean zehar Falerina tabernan igande arratsaldetan jotzeko plaza musikari hasi berriei eskaintzen dien deialdi irekia. Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 1ean irekiko da eta 27rarte egongo da zabalik (biak barne). Kontzertuak irailean hasiko dira, eta bi hileko maiztasuna izango dute.

Ikus-entzunezkoen atalean, Kortxeak & Krispetak zikloaren edizio berri bat antolatu dugu. Uztaileko asteazken guztietan iluntzeko 19:00etan emango dira musikari handiei buruzko filma dokumentalak, baina  aurten kulturunearen barrualdean egin beharko dugu, ORTUÑO aretoan, kanpoan egiteko baldintzak izugarri korapilatu direlako COVID-19a dela-eta. Horrez gain, eta jaialdiari bukaera emateko, kontzertua antolatuko da Falerina lorategian.  

Ostegun iluntzetan, berriz, umorea, Irri-barra gauetako saioekin ilunabarrak irribarrez beteko ditugu Oihanederren: aurten 3 saioz osatutako egitaraua osatu dugu (uztaila, abuztua eta iraila) eta aktore euskaldun eta ezagunak gerturatuko dira gurera.

Egoerak uzten digun neurrian, Falerina lorategian kontzertuak antolatuko ditugu. Baldintzak aztertzen ari gara, eta taldeekin hitz egiten.

Eta etxeko txikienekin ahaztu gabe, iraileko lehen asteetan Dona-dona katona egitarauaren baitan txikienak hazteko eta nagusienak gaztetzeko jolasak eskainiko ditu Txatxilipurdi elkarteak.

Aniztasuna, eta adin tarte ezberdinei zuzendutako egitarau oparoa Oihanederren osatu duguna uda honetarako.

Esan beharra dago, egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko direla jarduera guztiak, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko direla jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.

Horrez gain, azpimarratzekoa da jarduera guztiak doakoak izango direla, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aurrez hartu beharko direla Oihanederren webgunean.