TopAraba egitasmoak “Ogiak hizketan baleki” eta “Benniz” diziplina arteko proiektuak aukeratu ditu datozen hilabeteetan garatzeko

2021-05-28 / oihaneder

Aurten lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak TopAraba egitasmoa jarri dute martxan. Kultura diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da, eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea izan ditu helburu.

Egitasmoak otsailaren 27an eman zituen bere lehen pausoak Oihanederren egin zen egun osoko topaketan: goizean aditu ezberdinen ekarpenak jaso zituzten, eta arratsaldeko saioko laborategian kultur sortzaileek beren artean elkar ezagutu eta diziplinarteko proiektu zehatzen inguruan saretzeko aukera izan zuten. Saretze horretatik sortu dira bi talde eta proiektu irabazleak.

Alde batetik, Mamiak kolektiboa sortu da. Kolektibo hau Ogiak hizketan baleki proposamena garatzeko sortu da, eta diziplina ezberdinetako sei sortzailez osatuta dago: Marina Suarez (zuzendari eszenikoa), Irantzu Lekue (arte zuzendaria), Josune Velez de Mendizabal (aktorea), Edu Zelaieta (gidoilaria), Ander Gondra (ikerketa historikoa) eta Txema Ramirez de la Piscina (komunikazio arduraduna).

Ogiak hizketan baleki. Gasteiz 1835-1836: hiri okupatuaren kronika bat: Kazetaritza performatikoa erabiliz, —ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktu kulturala—, Gasteizko historiaren baitan ahaztuta dauden zenbait pasadizoren berreskurapena planteatzen da obra honetan: “1836an gaude, Gasteizen, lehen karlistaldian. Josefa de Mugika alarguntzear da. Hiru egun barru, hiriaren erdialdea okupatzen duten tropa ingelesek bere senarra, Jose de Elosegi, exekutatu behar dute, Gasteizko Plaza Zaharrean, milaka soldadu atzerritar suharturen aurrean. Garrotez hilko dute. Traidore izateagatik, soldadu liberalen artean desertzio-sare erraldoia antolatzeagatik. Baina, zerbait gehiago ere leporatzen diote Joseri, are eta ikaragarriagoa den beste zerbait, benetan izugarria… Azken hilabeteetan Gasteizen hil diren 1.200etik gora soldadu ingelesen heriotzaren erruduna dela uste dute liberalek. Egia ote?

Bestetik, Benniz proiektuaren inguruan Beñat Goitia eta Anne Baskaran batu dira. Elkarlan honen kasuan, TopAraba egitasmoaren jardunaldietan ernaltzen hasi bazen ere, 2020ko urtarrila du abiapuntutzat, orduan utzi baitzuen Beñatek Montauk musika taldearen proiektua eta orduan ekin baitzion musika eta tresna elektroniko bitarteko bideari. Hilabete luzeetan zehar irudiz adierazi beharreko estetika bat eraiki nahi izan du Beñatek, eta une horretan sortu da Anne Baskaranekiko elkarlana.

Musika eta ikus-entzunezkoa proiektu honen zutabe nagusi diren arren, argiztapena, moda eta ilustrazioa ere gurutzatuko zaizkie bidean. Azken urteetako musika kontsumoaren joerek dagoeneko joera izateari utzi diote, pandemiak haustura digitala eraginez betikotu egin baititu. Gaur egun, kantu batek ez du esanahi osaturik soilik belarriekin entzuten bada. Kantu hori laguntzen duten bideoek, jantziek, argazkiek, iruditeriak, hau da, estetikak osatzen dute mezuaren esanahia.

Bi proiektu hauek garatzeko 7.500 €-tako diru-poltsa osatu da TopAraba deialdian, eta Vital Fundazioak eman duen babesa eta laguntza ezinbestekoa izan da dirulaguntza bideratu ahal izateko. Beraz, Oihanaderrek esker on zintzoena eman nahi die Vital Fundazioko arduradunei. Diru-poltsaren banaketa modu honetan egin da: Benniz proiektuak 3.500 € jasoko ditu eta Ogiak hizketan baleki proposamenak, berriz, 4.000 €.

Momentu honetan egitasmoaren bigarren fasean daude murgilduta bi taldeak: Mamiak kolektiboa eta Beñat Goitia eta Anne Baskaran bikotea beren proiektuak garatzen ari dira. Horretarako, gehienez sei hilabeteko epea izango dute. Ondoren, udazkenean, Oihaneder Euskararen Etxean beren proiektua jendaurrean aurkeztu beharko dute.

Amaitzeko, aipatu beharra dago Oihaneder Euskararen Etxeak TopAraba egitasmoaren lehenengo edizio honen balorazio baikorra egiten duela. Izan ere, laborategiko lan-saioan parte hartu zuten 16 kultur sortzaile arabarren arteko batzuk bost proiektu aurkeztu zituzten, horietako bi hauek izan dira 2021eko deialdian diruz lagunduko direnak.