Taulara mikroantzerki lehiaketako irabazleek ekainaren 18an aurkeztuko dituzte beren lanak Oihanederren

2021-06-10 / oihaneder

Oihaneder Euskararen Etxeak udaberriko eskaintzaren barruan Taulara, mikroantzerki lehiaketa antolatu du berrikuntza gisa. Antzerki munduko norbanakoei eta taldeei zuzendutako deialdia da hau, eta euskarazko antzezlan laburren sormena suspertu nahi du.

Lehiaketako lehen edizio honetan hamasei proposamen aurkeztu dira Euskal Herriko txoko ezberdinetatik: sei Gipuzkoatik eta bosna Bizkaia eta Arabatik. Hamazazpigarrena, Madriletik jaso da. Epaimahaiak lurralde bakoitzeko bana aukeratu du, eta bakoitzak 600 €-ko saria jasoko du:

  • Artekartu konpainia (Mungia): Hauts artean
  • Mikel Sarasola (Errenteria): Izan nahia
  • Imperfeccionismo mágico konpainia (Gasteiz): Euskal western bat

Epaimahaiak kalitatea eta antzezgarritasuna, deialdi honetarako beren-beregi sortutako proposamena izatea, genero ikuspegia eta emakumeen eta 35 urtetik beherako gazteen presentzia hartu ditu irizpidetzat lanak aukeratzeko orduan.

Hiru lan irabazleak ekainaren 18an aurkeztuko dira Oihanederren. Aurkezpenean publikoaren saria (500 €) jasotzeko aukera izango du hiru lan hauetako batek. Lehenengo saiorako gonbidapenak agortu egin dira, eta bigarren saioa eskainiko da iluntzeko 20:00etan. Gonbidapenak ekainaren 11tik aurrera jarriko dira eskuragarri (Bibe plataforman, telefonoz /945 16 18 30/ edo oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita).