Pandemia garaia goxatzeko Oihanederren lehiaketak

2020-06-17 / oihaneder

Martxoaren 4an egin genuen Oihanederren aurrez aurreko azkenengo jarduera. Baina lanean jarraitu dugu, eta besteak beste, ekainera bitarteko hilabeteetan sare sozialak izan dira gure jardunaren erakusleiho, bereziki, proposatu ditugun lehiaketa ezberdinen bidez. Martxoaren 23tik maiatzaren 30era bitartean, euskal kultura abiapuntu, 7 izan dira hilabete hauetan egindako lehiaketak, alarma egoera goxatzeko eta erabiltzaileek dakitena erakusteko lehiaketak.

Aurrez aurreko ohiko jarduna eten egin zen Oihanederren alarma egoerarekin batera, egun batetik bestera, beste kulturune askotan bezala. Beste eragile askok egin duten moduan, egoerari egokitutako proposamenak luzatzeko ahalegina egin dugu hilabete hauetan. Eta guk etxealdiari zirrikitua lehiaketen bidez irekitzeko gonbita luzatu diegu euskalzale eta kulturzaleei.

Euskal kulturaren inguruko lehiaketak izan dira proposatu ditugunak, gai ezberdinak jorratuz: alde batetik, Gasteizko euskara eta historia, musika, antzerkia, zinema, literatura eta etnografiari buruzko galderak luzatu dizkiegu gure erabiltzaileei, guztira, 40 galdera izan dira, batzuk errazagoak eta besteak, ez horrenbeste. Bestetik, Aste Santutako oporretarako, Alegiazko kontakizun laburrak egiteko proposatu diegu.

Lehiaketa guztietan partaidetza espero baino handiagoa izan da, eta pozik gaude lortutako emaitzekin. Ohiko erabiltzaileak eta gurera batu diren erabiltzaile berriek (ongi etorri guztioi!!) dinamika politak sortu dituzte lehiaketen inguruan, eta 300 lagun inguru izan dira lehiaketa guztietan parte hartu eta euskal kulturari buruzko beren ezagutza erakusten aritu direnak.

Horrez gain, ezin ahaztu lehiaketa guztietan bidaide izan ditugun kolaboratzaile guztiak: Gasteizko Zuloa-Irudia eta Mara-Mara liburudendak, Old Stuff musika denda, Florida Zinemak, Baratza eta Principal Antzokia eta Euskal Herriko hainbat museo (Zugarramurdiko Sorginen Museoa, Leintz Gatzagako Gatz Museoa, Ezkioko Igartubeiti Museo-baserria, Gallartako Meatzaritzako Museoa eta Artziniegako Museo Etnografikoa). Guztiei gure eskerrona adierazi nahi dizuegu.

Behin lehiaketak amaituta, eta gure ohiko jardunari gutxinaka berriro heltzekotan gauden honetan, gure irabazleak hasi dira beren sariak jasotzen. Zorionak guztioi! Eta gozatu zuen sariak!