Montehermoso-Euskararen Etxeak Belar Sounds aire libreko musika programa antolatu du udako asteburuetarako

2021-06-02 / oihaneder

Belar Sounds musika programaren hirugarren edizioa  kalitatezko musika gerturatzeko asmotan dator beste behin Falerina lorategira. 2020. urteko etenaldia eta gero, gune historikoa aisialdirako eta elkar bizikidetzarako espazio bihurtuko da udako asteburuetan, musika estilo ezberdinetako kontzertuak eskainiko baitira aire librean.

Ekainaren 26an hasi eta irailaren 11ra luzatuko den musika programa honek, lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxea eta Montehermoso Kulturunea jarri ditu elkarlanean. Guztira sei kontzertuz osatutako egitaraua antolatu dute: Voodoo Charms, The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeak izango dira Falerinako oholtza gainera igoko direnak. Talde guztiak Hego Euskal Herrikoak dira, horietako bat, gasteiztarra. Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.

Hona hemen egitarau osoa:

  • Ekainak 26 — VOODOO CHARMS: Lotura estua duten estilo ezberdinetatik datozen musikariek osatzen dute taldea, hala nola bluesa, rocka, jazza eta rockabillya. Publikoa rhythm and bluesaren urrezko garaira eramanez, eszenaratze bikaina aurkeztuko du.
  • Uztailak 3 — THE BINILO’S: Irantzu eta Oier Garamendik osatutako bikote umoristikoa. 50-60. hamarkadako zuzeneko irratsaio gisa aurkezten dute beren emanaldia, eta garaiko iragarkiak txertatzen; horrez gain, umorez beteriko gidoia du eta, nola ez, abesti ugari.
  • Uztailak 24 — RESACA JACKSON: laukote honen musikak hegoaldeko rock doinuak rock klasikoenaren, hard rockaren eta bluesaren eraginarekin nahasten ditu. Abestien letra garratzak, kritika sozialez beteak, denboran irauteko sortu dituzte.
  • Abuztuak 28 — SERIOUS BUSINESS: musika munduan esperientzia handia duten Aitor Badiola, Maria Armendariz, Antxon Sarasua eta Ander Zulaika musikariek osatutako taldea. Bluesa eta rockaz gain, funka, R&Ba, popa eta jazza lantzen dituzte. 
  • Irailak 4 — BELCEBLUES: Sormen handiko gitar riff-ez eta tronpeta harrigarri batez lagunduta, bere musikarien soinu kementsuek blues klasikoa eta garaikidea nahasten dituzte.
  • Irailak 11 — NEONA: “Neona” izenaren atzean “Natali” taldetik eratorritako proiektua dago. Gorka Mendizabal, Andres Insua, Oihana Rodriguez, Ixak Arruti eta Natali Izagirre dira partaideak. Pop, rock, funky eta beste hainbat estilo entzun daitezke beren lanetan.

Saio guztietarako gonbidapenak eskuratu beharko dira:

  • Entradium plataformaren bidez
  • Telefonoz 945 161 830 zenbakira deituta, 10:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera (jaiegunetan izan ezik).

Programaren lehenengo hiru kontzertuetarako, Voodoo Charms, The Binilo’s eta Resaca Jackson taldeen kontzertuetarako, alegia, gonbidapenak ekainaren 3tik aurrera jarriko dira eskuragarri, goizeko 10:00etan. Gainontzeko kontzertuetarako –Serious Business, Belceblues eta Neona taldeen kontzertuetarako– , berriz, abuztuaren 3an, goizeko 10:00etan. Lagun bakoitzak, gehienez, lau gonbidapen eskuratu ditzake. Haur eta heldu guztiek izan behar dute beren gonbidapena. Imprimatuta edo edozein gailu mugikorretan erakutsi daitezke gonbidapenak. Edukiera mugatua izango da.