Kortxeak & krispetak, 5 urte ikusten eta entzuten

2019-06-24 / oihaneder

Musika eta zinema uztartzen dituen Kortxeak & Krispetak zikloak 5 urte bete ditu honezkero. Aurten hiru ikus-entzunezko eta kontzertu bat eskainiko dizkigu, uztailaren 2tik 5era: Lou, M.I.A. eta Orion ikus-entzunezkoak eta Eskean kristo-ren kontzertua. Salbuespen gisa, Lou Oihaneder barruan proiektatuko da. Besteak, ohi bezala, aire librean, Falerinan.

Zikloa LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian izeneko dokumentalarekin abiatuko da uztailaren 2an, 19:30etik aurrera. Film honek 80. hamarkadan euskal rockak izan zuen lehenetariko emakume ahotsaren bizitza hurbilduko digu, Lou Olanguarena.  Izotz Barrio zuzendariak aurkeztuko du dokumentala eta filmaren ondoren solasaldia eskainiko du Ortuño Aretoan.

Zikloak Falerina tabernaren terrazan jarraituko du uztailaren 3an. Bertan Sri Lankako Matangi Maya M.I.A musikariaren bizitza jasotzen duen izen bereko lana proiektatuko da 22:00etatik aurrera. Ordu berean baina uztailaren 4an ORION: The man who would be the king filma ikusi ahalko da, Elvis Presleyren imitatzaile peripatetikoaren ingurukoa, hain zuzen ere.

Eskean Kristo talde bizkaitarrak emango dio amaiera zikloari uztailaren 5ean. Beste belaze batzuen gogoan izeneko euren 3. diska aurkeztuko dute Falerina lorategiko oholtzan 21:30ean.

Filmazpitekin elkarlanean, hiru ikus-entzunezkoak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpitituluekin. Sarrera irekia da lekuak bete arte. Ekimenak Laboral Kutxaren babesa du.