Irriak barra-barra!

2016-08-06 / oihaneder

Aurten estreinakoz, “Irri-barra gauak” umore antzerki eta bakarrizketa saioak izango ditugu Falerina lorategian abuztuko azken asteburuan, 26 eta 27an. Besteak beste, Nomofobikak edo Jose Cruz Gurrutxaga umoristaren bisita izango dugu barra-barra egin dezagun irri.

Asteburua euskaraz algaraka igarotzea helburu duen ekimenean, gauero bi ikuskizun eskainiko dira, 20:00etan lehena eta 22:00etan bigarrena. Ekintza doakoa da eta sarrera librea tokiak bete arte.

Proposamena ostiralean, abuztuak 26, abiatuko da Ion Martinez “Txiki”renMil a zien” ikuskizunarekin. Ostean Nomofobikak taldeak “Sarean kateatuak” antzezlana eskainiko du.

Larunbatean, abuztuak 27, Bazen behin clown taldearen “Sexijentziak askatuz” ikuskizuna egongo da hasteko. Jose Cruz Gurrutxagak itxiko du irri asteburua “Umorea” bakarrizketarekin.

Programazioa:

Abuztuak 26:

  • 20:00: “Mil a zien” (Ion Martinez “Txiki”)

irribarragauak_webBakarrizketak eta inprobisazioak biltzen dituen bakarrizketa saioa. Euskaldunon egunerokotasunean oso gertukoak diren hainbat gai jorratzen ditu: Euskal Herria, euskal biztanleria, magia, Txikiri (aktorea) buruzkoak (ikastolako garaiak eta gertakizunak, umetik nerabetasunera gertatutakoak, unibertsitate garaikoak…). Maitasunezko euskal abestien errepaso txiki bat ere egiten da. Ikusleen parte-hartzea une oro bilatzen duen ikuskizuna, amaieran Donostiako suen antzerako txiste traka finala duena.

  • 22:00: “Sarean kateatuak” (Nomofobikak)

 Hiru emakumek pairatzen duten nomofobiari aurre egiteko terapia egingo dute ikusleekin. Hasteko elkarrekin test bat egingo dute mendetasuna zenbatekoa den neurtzeko. Ondoren, gizartean hain hedatua dagoen gaitza kasu ugaritan ikusteko aukera egongo da: ofizio ezberdinetako langileen eskutik, umeen bitartez, nerabeak, adineko emakumeak… Batzuetan sketch tankeran eta bestetan bakarrizketa gisa, euren bizipenak aurkeztuko dituzte, beti ere, umorea lagun.

Abuztuak 27:

  • 20:00: “Sexijentziak askatuz” (Bazen behin clown)

Pituxak larru-jotze kontuetan ez du gozatzen. Eta okerrena zera da, bakarrik sentitzen dela orgasmoaren gurtze gizarte honetan. Izan ere, bere inguruan, dena da plazer eta gozamen harreman erotikoen inguruan hitz egiterakoan. Arazoari aurre egin nahian laguntza eskatzea erabakiko du. Amarengana joko du lehenik. Bere kabuz ere pornoan laguntza bilatuko du. Lagun pare bat ere azalduko dira,  eta nola ez, bikotea. Hala ere, egoera okertu besterik ez da egingo eta azkenik sexologarengana jotzea erabakiko du. Publikoaren parte-hartzea ere eskatuko du, deskubrituko duen bide berrian laguntza bila

  • 22:00: “Umorea” (Jose Cruz Gurrutxaga)

Hitz joko bat da. Jolasa. Horixe delako antzezpen ororen funtsa, jolasa. Eta ikuskizun guztien oinarri. Umorea eta ikuskizuna. Ikusleak eta antzezlea. Harreman horretan bakoitzak bere rola bete behar. Umoristarena badakigu zein den baina ba ote dakigu ikuslego edo publiko izaten? Umoristak istorioak kontatu eta ikusleak barre egin. Hain zaila ere ez da. Jose Cruz Gurrutxagak berari gertatutako istorioak kontatuko ditu, edo berari gertatu zaizkiola esanez, asmatutakoak. Azken finean berdin dio. Pentsa, berau jaio aurretik gertatutako istorioak ere kontatuko ditu. Protoi-istorioa edo pre-istorioa deitu beharko lioke?