Irri-Barra gauak 2017; egin dezagun irri barra-barra!

2017-08-21 / oihaneder

Ez dagoela umorea euskaraz egiterik? Badatoz berriro ere Irri-Barra gauak umore antzerki eta bakarrizketa saioak!

Abuztuak azken eguna eta irailak lehena dutenean izango dira Falerina lorategian iluntzeko 20:00etan. Zehazki abuztuaren 31n Erbeste, edo saihets baten aldarrikapena antzezlana eskainiko du Anodino Teatroa taldeak. Irailaren 1ean Ni ala zu antzerki musikatuaren txanda izango da.

Iazko harrera ona ikusita aurten berriro ekin diogu antzerki umoretsua antolatzeari. Ikuskizunen hautaketa egiterako orduan arlo honetan erreferentea den Donostiako Poltsiko Antzerki jaialdira begiratu dugu eta jaialdi horretan saritatuko bi lan dakarkizuegu barra-barra egin dezagun irri.

Ikuskizunak doakoak izango dira eta sarrera librea lekuak bete arte.

  • Erbeste, edo saihets baten aldarrikapena: abuztuak 31, osteguna

Abuztuko azken egunean Anodino Teatroa antzerki taldeak Erbeste, edo saihets baten aldarrikapena antzezlana eskainiko du. Istorio honetan Aitor Fernandino eta Getari Etxegarai aktoreek  Eva eta Adanen istorioa kontatuko digute baina Evaren ikuspegitik. Izan ere, bidean hainbat gezur, gaizki-ulertze eta egi ustelak aurkituko ditugu eta orduan kontatu diguten Paradisua… Paradisua izaten jarraituko du?
Historiak ez du beti denon alde jokatzen. Eta hau da, hain zuzen ere, Eva-ren susmoa. Beraz, Adanekin hitz egitea erabaki du eta mendez mende barruan gorde behar izan duen hori guztia askatuko du. Noski ez duela ezer Adanen aurka; gizon trakets, zeharo matxista eta gustu txarrekoa izateaz gain, ez dio (ia) ezer txarrik desio.

Komedia gazi-gozo honen bitartez gaur egun emakume eta gizonen artean mantentzen diren ezberdintasunak salatuko dira. Matxismoaren sustraia bilatzen historiaren hasierara joan eta hantxe aurkitu dugu Adanen paradisua eta Evaren infernua.

Ikuskizun honek lehen saria jaso zuen 2017ko Donostiko Poltsiko Antzerki Jaialdian.

  • Ni ala Zu: irailak 1, ostirala

Irailaren lehen egunean Joseba Usabiaga eta Iñaki Santos aktoreek Ni ala Zu antzerki musikatua ekarriko digute.

Ni eta zu musikariak dira: musikaria bata, musikari-eroa bestea. Musikak gaixotutakoak dena daki musikaz, parean duen musikariak baino gehiago. Eta musikari handia dela kontatzen du, eta munduan barrena ibiltzen dela munduko kantari eta musikari ezagunekin…

Kontua da, musikaz musika, abestiz abesti, aurrera goazen neurrian lausotuz joango dela ondo dagoenaren eta gaixo dagoenaren arteko marra. Eta bien bitartean, kantuak eta kantuak, doinuak eta doinuak… The Beatles eta Demis Roussos, Behin batean Loiolan eta Radetzkyren martxa, Mendian gora eta Albanoren Felicitá… Eta koloreak. Eta koloreen garrantzia.

Joseba Usabiaga ero (ala ez?) dagoen protagonistak sinisten du Jon Bonnek abeslari ospetsua dela… Iñaki Santos psikiatra-musikari lanbide duen Iñigo da, eta eroa sendatzen saiatuko da bere teklatuaren laguntzaz.

Antzezlan hau finalista izan zen 2017ko Donostiko Poltsiko Antzerki Jaialdian.