Hitz adina mintzo, GALESERA gertutik

2015-12-11 / oihaneder

hitzadinamintzo-abendua_galesera_web Hitz adina mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak Galeseko galesera hurbilduko digu oraingo honetan. Zehazki, abenduaren 15ean, Patrick Carlinek hizkuntza aurkeztuko du eta abenduaren 16an Euskal Herria-Gales topaketa kulturala egongo da. Ekitaldiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.

Galesera (Cymraeg edo Gymraeg), kymruera edo kymbruera izenez ere ezaguna, Galeseko hizkuntza da. Indoeuropar mintzaira da, hizkuntza zelten familiakoa, britoi taldearen barruan dago, cumbrierarekin, bretainierarekin eta kornubierarekin batera. Galeseko biztanleen % 20 inguru da galesera hiztuna.

Patrick CarlinPatrick Carlin soziolinguista eta Cardiffeko Unibertsitateko galesera eskolako kidea da. Azken urte hauetan hizkuntza politikaren arloan aritu da lanean, bereziki galeserazko eta irlanderazko komisarioaren erregulazio-jardueran. 2016an “The Welsh Language Commissioner in context: roles, methods and relationships” izeneko liburua argituratuko du. Aurkezpenean galeseraren garapen historikoaz arituko da, zelta hizkuntzen adarrean eta galeseraren garapen linguistikoan oinarrituz. Egungo egoera soziolinguistiko orokorraren berri ere emango du, besteak beste, estatus juridikoa, indar demolinguistikoa eta hizkuntzaren garapena hezkuntzan eta komunikabideetan. Horrekin batera, bertaratzen direnekin  hizkuntza tailer laburra burutuko du.

Crescendo ONAEuskal Herria-Gales topaketa kulturalak Gai Toms musikari galestarra eta Crescendo abesbatzaren kontzertua du oinarri. Crescendo irabazi asmorik gabeko Gasteizko ume-abesbatza bat da. Ekialdeko herrietako, Eskandinaviako eta Estatu Batuetako musika-pedagogia ereduak ditu oinarri. Metodo bakoitzetik onena hartuta, bere metodo propioa sortu du, Euskal Herriko egoera kulturalari egokitua. Normalean musika garaikidea, folklorea, jazz-a eta pop-a eskaintzen dute euren kontzertuetan. Topaketarako beren beregi prestatu dute galestarrek egiten duten Ras yr laith korrikaren kanta. Horrez gain, bestelako doinuak ere eskainiko dituzte, denak  galeseraz.

Gai TomsGai Toms (1976, Bangor, Gales) Anweledig izeneko ska-rock talde galesean jo ostean, 1997 eta 2007 artean Mim Twm Llai izengoitia erabilita jotzen ibili zen. Aktorea ere bada eta telebista eta antzerkirako musika ere konposatzen du.

Hitz adina mintzo zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaltzea eta aberastea du helburu, euskarak mapa linguistiko horretan duen tokitik abiatuta. Hilero hizkuntza gutxitu bat aurkezten du eta hizkuntzaren ezaugarriak, kokapena, egoera soziolinguistikoa eta berezitasunak hurbiltzeaz gain, hizkuntza horren hiztunekin ekintza desberdinak garatzen dira. Horrekin batera, hizkuntzarekin lotutako ekitaldi kulturala (kontzertua, proiekzioa…) ere egiten da.

2016an: asturiera, tamazightera, gaskoiera eta kurduera

Urtarrilaren 20an asturieraren txanda izango da, asturleonera hizkuntza-taldearen mintzo hedatuena. Gaur egun, asturiera, bereziki, Asturiasen hitz egiten da eta 300.000 hiztun inguru ditu. Sasi-ofizialtasun batean oinarritutako lege babesa du eta azken hilabeteetan bertako eragileak buru-belarri ari dira ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenarekin. Xulio Viejo hizkuntzalariak eta Inaciu Galán eta Anxel del Río ekintzaileek azalduko dute ssturieraren egoera.

Otsailaren 17an tamazightera aurkeztuko da. Tamazightera jende imazight-aren hizkuntza da, bereber bezala ezagunagoak. Afrika ipar-mendebaldeko herri honek hainbat hizkuntza ditu eta tamazightera da horietako bat. Kaissa Ould Braham idazle eta itzultzaileak emango du hizkuntzaren berri.

Martxoaren 16an aurpegi ezagun bat izango dugu gurean, Franck Dolosor EITB-ko albistegietako aurkezlea. Euskalduna izateaz gain gaskoiera hiztuna ere bada. Gaskoiera, hizkuntza-talde okzitaniarren barne dagoen aldaera da Bereziki Frantziako Pirineo aldeko eskualdean hitz egiten da, Euskal Herriko zenbait txokotan barne, eta Araneko bailaran hitz egiten den aldaerarekin harreman zuzena du.

Apirilaren 20an hizkuntza handi baten bisita jasoko dugu, kurduerarena, alegia. Kurdistan da munduan estaturik gabeko naziorik handiena eta hainbat herrialdetan barreiatuta daude kurduak, eta beraz, hiztunak. Beste hainbat kasutan bezala, kurduera oso hizkuntza-talde zabala eta anitza da, eta eskualdearen arabera aldaera bat edo beste hitz egiten da. Gurean, kurmanji aldaera izango dugu hizpide, Ipar Kurdistanen (Turkiaren menpe dagoen eskualdea) hitz egiten dena. Hizlaria Birgül Yılmaz hizkuntzalaria izango da, Londreseko SOAS Unibertsitatean doktoretza-tesia amaitu berri duen ekintzailea. Asturiera eta tamazightera saioak gaztelaniaz izango dira eta gaskoiera eta kurduera euskaraz. Azken honetan, Teresa Praderak egingo ditu interprete lanak.

Zikloan landutako edukiak biltzen dituen bloga: hemen.