Gazteek laugarren urtez Batera deialdiaren bidez kultur proiektuak gauzatzeko aukera izango dute

2021-10-22 / oihaneder

Laugarren urtez Oihaneder Euskararen Etxeak Batera, kultur proiektuak elkarrekin dirulaguntza deialdia martxan jarri du. Euskal Herriko 16-30 urte bitarteko edozein gazte euskalduni zuzendutako deialdia da, eta gazteen artean euskaraz garatuko diren kultur proiektuei bultzada ematea du helburu.

Proposamenak aurkezteko 2 hilabeteko epea izango dute gazteek, eta urriaren 21etik abenduaren 21era bitartean egongo da zabalik epe hori. Edozein ideiak balio du, euskaraz garatzekoa bada, eta kulturarekin zerikusia badu: liburu edo diska bat argitaratu, jaialdi bat antolatu, APP bat sortu, bideo-jolas bat garatu, euskarazko lelodun kamisetak egin… gazteen irudimenak eta sormenak askotarako eman dezake!

Jasotako proposamenen artean epaimahaiak 3 proiektu aukeratuko ditu, eta gazte horiei crowdfunding egitasmo bat eta bere komunikazioa antolatzen lagunduko diete. Behin crowdfunding egitasmoa martxan izanik, antolatzaileek 2.000 €-ko ekarpena egingo diete 3 proposamen irabazleei.

Batera deialdiak Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren babesa izango du. Horrez gain, Gauekoak aisialdi programarekin eta Itsulapikoa.eus plataformarekin elkarlanean antolatuko da.


Proposamenak aurkezteko honako inprimakia bete beharko da eta
bertan proiektuaren nondik norakoak gehitu.