GAW 2018: Kirgizistan, Namibia, Ghana eta Indiako argazkiak irabazle

2018-10-03 / oihaneder

2018ko Gasteiztarrak Arraun The World  argazki-hizki lehiaketak baditu irabazleak! Lehiaketara aurkeztutako 27 lanen artean, Gaizka Untzuetaren  Kirgizistan: zeruko mendien magaleanKoldo Zubizarretaren Namibian basamortua biziz; Maitane Nietoren Hesirik gabeko kartzela Ghanan eta Ania Fernandez de Ganboaren India harrigarria izan dira epaimahaiak saritu dituen lanak. Lehenengo biak 30 urtetik gorakoen sailean, eta beste biak 18-30 urtekoen artean.

Zorionak irabazleei!

Lehiaketara aurkeztu diren gehienak gasteiztarrak izan dira (25); eta alde txikiagatik bada ere, emakume gehiago aurketzu dira (14). Adinari dagokionez ere parekatua izan da kontua, gazteen kategorian 14 lan aurkeztu dira, eta 30 urtetik gorakoen sailean 13.

Epaimahaiari dagokionez, Arte eta Lanbide eskolako argazkilaritza irakaslea den Koldo Mendazarekin batera, Sarburu elkartea, Gauekoak, Zizta Euskara Taldea eta GEU elkarteko kideak aritu dira elkarlanean.

Lan zaila izan dute aurten epaimahaikideek, izan ere, bost kontinenteetako argazkiak eta hitzak bidali dituzte lehiakideek, eta hara eta hona bidaiarazi baitituzte epaimahaikideak; batzuetan bizikletan, besteetan trenez, sarri oinez edo autobusez; baina beti imajinazioa lagun.

Argazki erakusketa:

Saritutako lanen argazki-erakusketa urriaren 10ean inauguratuko da eta 28ra bitartean egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxeko Jovellanos aretoan.

Bertan ohiko lehiketan saritutako lau argazki-sortetako seina argazki topatuko ditu bisitariak. Irudiek Kirgizistanera, Namibiara, Ghanara eta  Indiara bidaiaraziko dute gure irudimena. Iaz bezala, argazki irabazleez gain, lehiaketara aurkeztutako beste lehiakideen  irudiak pantaila digital batzuetan ikusteko aukera izango da.

Bidaien aurkezpenak:

Horrez gain, lan sarituen aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar, hiriko auzo desberdinetan, 19:00etan:

  • Urriak 16: Hesirik gabeko kartzela Ghanan (Maitane Nieto eta Javier Galapero)  – Pura Vida taberna (Arana)
  • Urriak 18: India harrigarria (Ania Fernandez de Ganboa) – Koxka taberna (Salburua)
  • Urriak 23: Kirgizistan: zeruko mendien magalean (Gaizka Untzueta) – Dazz taberna (Alde Zaharra)
  • Urriak 30: Namibian basamortua biziz (Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarreta) – Orient Expres  (Txagorritxu)

Orain arteko dinamikari jarraiki aurkezpenak epaimahaia osatutako eragileekin elkarlanean antolatu dira: Sarburu elkartea, Gauekoak, Zizta Euskara Taldea eta GEU elkartea.

Zozketa:

Erakusketa ikustera eta aurkezpen publikoetara doazen lagunen artean Durango inguruko Garaiko Landetxean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia zozkatuko da (denboraldi baxuan, zubietatik eta udatik kanpo). Zozketan parte hartzeko erakusketan eta aurkezpenetan eskuragai egongo den eskuorria bete beharko da. Zozketa urriaren 30ean izango da.