Egin leku! deialdiak aukeratu ditu 6 musika proposamen

2020-09-03 / oihaneder

Epaimahaiak aukeratu ditu Egin leku! – musikari hasiberrientzako deialdiko sei musikari irabazleak: Deñe, Lorea, Aitor Regueiro, ALE, Beñaranks eta Maialen Aristegi musikari hasiberriek izango dute aukera urtean zehar Oihanederren kontzertu bat emateko. Horrela erabaki zuten epaimahaia osatu zuten Jon Basaguren, Miren Narbaiza –MICE– eta Ander Sevilla musikariek. Uztailean zehar 13 proposamen jaso ziren deialdian, horietatik 6 aukeratu behar, eta epaimahaikideei sei horiek iruditu zitzaizkien egokienak.

Deñe García-Calvo17 urteko neska azpeitiarra da. Betidanik izan du musikarekin lotura. 8 bat urterekin hasi zen Azpeitiako musika eskolan pianoko klaseak hartzen eta orain dela bi urte kantu eta gitarra klaseak hartzen hastea erabaki zuen. Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketako 29. edizioan parte hartu zuen eta lau finalisten artean gelditu zen.

Aitor Regueiro 1996an jaiotako bakarlari oñatiarra da. Euskarazko kanta oxigenatuak eta hizki katramilatsuak egiten ditu 2017tik. Gaur egun bere lehengo LPa izango dena prestatzen dihardu kantu berriak egiteko gogoak galarazten badio ere.

Lorea Zulaika Ziortza Bolibarren 1996an jaio zen. Oso gazte hasi zen jendeaurrean bakarka eta lagunekin kontzertu akustikoak ematen. Gerora, zenbait abesti propio sortu zituen, eta musikarekin erlazionatutako proiektu txikietan hartu zuen parte.

Beñaranks proiektuaren sustatzailea Iker Beñaran donostiarra da. 2010. urte inguruan hasi zen abesten Pingabwoys rap-reggae taldean eta auzoko jendearekin. Handik aurrera, geroz eta gehiago murgildu da reggae eta sound system mugimenduan, baina rap proiektuak alde batera utzi gabe.

ALE, ezizenaren atzean Miren Peñagarikano hernaniarra dago. Bere hitzetan, “beti berandu” sindromeak jotako alproja potablea.

Maialen Aristegi  Letamendia 2000ko otsailaren 11n jaio zen Lasarte-Orian eta azken urteotan Gasteizen bizi da. Hamabi urte ingururekin gitarra ikasten hasi zen eta kantuak egiteko nahikoa ikasi ostean, kantuak sortzeari ekin dio. Esan daiteke, bere kantu bakoitza bizipenen bati lotua dagoela. Oro har, giza harremanetan gertatzen diren istorioak azaleratzen dira bere kantuetan, edonori gerta dakizkioken istorioak.

Deialdia arrakastatsua izan da, lehen edizioa izanik 13 proposamen jasotzea oso ondo dago-eta. Gipuzkoa izan da herrialde oparoena (6), Bizkaian ere izan dugu arrakasta (4) eta Arabako Gasteizen oihartzuna ez da makala izan (3).

Musika motari edo proposamenen izaerari buruz esan estilo anitzekoak izan direla: pop, folk, metal, reggae-rap, indie, rock… Eta aukeratutakoen artean ere mota ezberdin askotako musika proposamenak daudela.

Nabarmentzekoa da 8 emakume animatu direla taula gainera igotzeko proposamena egiten, eta gehien-gehienak gazteak, eta oso gazteak direla!

Lehen kontzertua, hain zuzen ere, musikari gazteenak emango du, 17 urteko Deñe azpeitiarrak datorren irailaren 10ean. Irailaren 3tik aurrera eskuratu daitezke gonbidapenak ohiko bideak erabilita (telefonoz, www.oihaneder.eus edo oihaneder@oihaneder.eus helbidean). Hurrengo kontzertuak 2 hilabeteko maiztasunaz egingo dira Oihanederren.

Egin leku! deialdia Oihaneder euskarazko sorkuntza herrikoira zabaltzeko modu bat da. Deialdi ireki honen bitartez kulturgune euskaltzale honetan jotzeko aukera eman nahi diegu Euskal Herriko artista berriei. Musikaren munduan, kantuen konposizioan, lehen urratsak ematen ari diren musikariei leku bat eskaini bertan jo dezaten.

Ekimen honek MusikariEuskal Herriko Musikari Elkartearen laguntza jasotzen du.