#Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko hiru crowdfunding kanpainek beren helburuak lortu dituzte

2020-04-02 / oihaneder

Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko hiru crowdfunding kanpainak amaitu dira. Itsulapikoa.eus plataforman beren proiektuak gauzatzeko diru-kanpainetan lortu dituzte gutxieneko helburuak Itziar Uriarte eta Irune Zabaletak (banaka) eta Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata (taldeka) gazteek. Proiektu bakoitza gauzatzeko 3.500 € izango dituzte. Ekainaren 23a aurreikusten da beren proiektuak aurkezteko eguna.

Otsailaren 20an itsulapikoa.eus plataforman hiru kultur proiektu gauzatzeko diru-bilketa kanpainak jarri genituen abian, eta 40 egunen ondoren hirurek lortu dituzte beren gutxieneko helburuak. 3.500€-tik gora izango dituzte proiektuak egin ahal izateko.

Alarma egoerak diru-bilketa kanpainak bete-betean harrapatu dituen arren, Itziar Uriarte eta Irune Zabaletak (banaka) eta Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata (taldeka) gazteek ateratako diruarekin olerki-liburu ilustratua, ipuin-liburu multimedia bat eta dokumental bat garatuko dituzte, Bizimundua, Tinta, grafito artean: musak eta Erroak, hurrenez hurren.

Baliabide ekonomikoak lortuta, orain sormen lanaren txanda izango da, ia hiru hilabete izango dituzte beren lanak gauzatzeko: bakoitzak bere lan-katea osatu beharko du, eta ilustratzaile, aktore, zeinu-hizkuntza interprete, bideo-sortzaile, etab.ekin bat egin beharko dute elkarlanean beren proiektuak egikaritzeko, oztopoak oztopo.

Ez-ohiko egoera honek utziz gero, eta behin alarma egoera hau gaindituta, ekainaren 23an Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko dituzte beren lanak.

Antolatzaileek Itsulapikoa plataformako arduradunak eta Laboral Kutxa eta Vital Fundazioa eskertu nahi dituzte emandako laguntza guztiagatik.