Ate joka dator Hitz Adina Mintzo hitzaldi sortaren ikasturte berria

2020-09-10 / oihaneder

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 6. ikasturteak 7 hizkuntza hurbilduko dizkigu edizio berri honetan: sorabiera, lakota, nasa yuwea, mankanyera, pirineotako euskalkiak eta kalaallisut. Zazpigarrena AnHitzak ekimenetik gerturatuko diren gonbidatuen hizkuntza multzoak osatuko du.

Urriaren 14an Karlos Zurutuza euskal kazetari independenteak inaugurazio hitzaldia eskainiko du “Hitzaren jabeak: amazig eta kurdu herrien hizkuntz biziberritze prozesuak” izenpean 12:00etan Arabako Campusean (UPV-EHU). Gatazka guztien erdigunean hizkuntzak daude, nahiz eta batzuetan zauri hauek ikusezinak diren. Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean ere ez da salbuespenik egon, eta hizkuntzen egoerak mintzo dituzten herrien egoeraren araberakoak dira.

Urritik abendura bitartean udaberrian eskaini gabe geratu ziren hiru hizkuntzen txanda izango da: sorabiera, lakota eta nasa yuwea. Urrian Ivan Igartua UPV/EHUko irakasle eta hizkuntza eslabiarretan adituak Alemania ekialdeko sorabiera aurkeztuko du; azaroan, Aitor Estebanek, Espainiako Kongresuan EAJko bozeramailea denak, Ipar Amerikako bosgarren hizkuntza erabiliena den lakotaren berri emango du, eta abenduan, berriz, Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kideek Kolonbiako nasa yuwea izango dute hizpide.

Urte berriarekin batera, gainerako lau hizkuntzen inguruan hitz egingo da Hitz Adina mintzo zikloaren baitan. Urtarrilean, AnHitzak ekimeneko hiru parte-hartzailek beren hizkuntza Gasteizen nola bizi duten kontatuko digute. Horretaz gain, ekimenaren nondiko norakoen berri emango digute, Ruben Sanchez Anhitzak-eko koordinatzailearekin batera. Otsailean, Iruran bizi den Jorge Naur Mango-k mankanyera aurkeztuko du, Guinea Bissauko etnia anitzetako hizkuntzetako bat. Martxoan, Argitxu Camus eta Alberto Angosek Pirineotako euskalkiak ezagutaraztera etorriko dira Oihanederrera, erronkariera eta zuberera, alegia. Eta zikloa izteko, apirilean, Txerra Rodriguez eta Eider Palmouk Kalaallisut hizkuntza gerturatuko dute, Groenlandiako inuitek hitz egiten duten hizkuntza.

Aurten ere zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 30 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko. Karlos Zurutuzaren aurkezpen saioa doakoa izango da. Aurten ere zikloak UPV/EHU, Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.

Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat eta UPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte-hartze ziurtagiria lortuta).

2020-2021 ikasturteko egitaraua (lehen saioa izan ezik, beste guztiak 19:00etan izango dira):

URRIAK 21, asteazkena – Sorabiera

  • Ivan Igartua, UPV/EHUko irakaslea, hizkuntza eslabiarretan aditua
  • Saio honetan izena emateko hemen

AZAROAK 16, astelehena – Lakota

  • Aitor Esteban, Espainiako Kongresuan EAJko bozeramailea
  • Saio honetan izena emateko hemen

ABENDUAK 16, asteazkena – Nasa yuwea

  • Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kideak
  • Saio honetan izena emateko hemen

URTARRILAK 20, asteazkena – AnHitzak, Gasteizko Hizkuntza Aniztasuna

  • Gonbidatuak eta Ruben Sanchez
  • Saio honetan izena emateko hemen

OTSAILAK 17, asteazkena – Mankanyera

  • Jorge Naur Mango Barai, Iruran bizi den guineu bissautarra
  • Saio honetan izena emateko hemen

MARTXOAK 17, asteazkena – Pirinioetako euskalkiak: erronkariera eta zuberera

  • Alberto Angos eta Argitxu Camus, erronkariera eta zubereran adituak
  • Saio honetan izena emateko hemen

APIRILAK 21, asteazkena – Kalaallisut

  • Eider Palmou eta Txerra Rodriguez, groelandieran adituak
  • Saio honetan izena emateko hemen