“Arabako emakumeak lanean, 1890-2000” erakusketa: 4000 ikusleren bueltan

2018-11-28 / oihaneder

2017ko udaberrian inauguratu ostean, Oihanederrek sustatutako Arabako Emakumeak lanean, 1890-2000 argazki erakusketa Gasteizko Adinekoentzako zortzi Zentro Soziokulturaletan egon da ikusgai. Oihanederren izandako ia 2000 bisitei beste hainbeste gehitu zaikie  bigarren fasean; guztira 4000 lagun inguruk bisitatu du. Erakusketak Arabako emakumezkoek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean zehar sektore ekonomiko ezberdinetan izandako presentzia islatzen du, 44 iruditan.

Oihaneder Euskararen Etxeak sustatutako Arabako Emakumeak lanean 1890-2000 argazki erakusketa hiriko Adinekoentzako zortzi Zentro Soziokultural ezberdinetan egon da ikusgai, 2017ko maiatzetik 2018ko urrira bitartean. Ariznabarrako Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean hasi zuen bira iazko maiatzean, 250 ikuslerekin. Urrian Txagorritxukoan 316 bisitari jaso zituen eta abenduan Aranakoan 275. 2018ko urtarrilean San Kristobalgo Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean izan zen. Han jasotako 189 bisitei beste 221 gehitu zitzaizkien otsailean Zaramagako egoitzan. Ostean erdigunera joan zen, San Prudentzioko Zentrora martxoan, 240 ikuslerekin, eta Landazurikora ekainean, 280 ikuslerekin. Judimendiko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean eman ditu azken urratsak 310 bisitekin.

Lehen fasean, Oihanederren, 1700 bisitari izan zituen. Bigarrenea 2.081  ikusle erakarri ditu; orotara 4000 lagun inguru.

Erakusketa Aritza Sáenz del Castillo ikerlari gasteiztarraren jatorrizko ideian dago oinarrituta. 44 argazkien bitartez emakume arabarrek 1890. urtetik 2000. urtera lurraldearen garapen ekonomikoan eta sozialean izandako garrantzia azpimarratu nahi du.

Proiektu honek Vitoria-Gasteizko Udalaren Berdintasunerako Zerbitzuaren laguntza izan du.  Halaber, Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboa, Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia eta Sancho el Sabio Fundazioarekin egindako elkarlanaren emaitza izan da.