Antzezmetraia eta Espazioa diziplina arteko proiektuak garatuko dira TopAraba egitasmoaren bigarren edizioan

2022-05-27 / oihaneder

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak bigarren urtez jarri dute martxan TopAraba egitasmoa: kultura diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da, eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea izan ditu helburu.

Egitasmoak abiapuntua otsailaren 12an burutu zen topaketan izan zuen. Kultiba enpresak dinamizatu zuen topaketan, diziplina ezberdinen arteko egitasmoak garatzeko behar diren osagarriak landu ziren, eta sortzaile anitzen arteko saretzea sustatu zen.  Saretze horretatik sortu dira bi talde eta hauek aurkeztutako proiektu irabazleak.

Antzezmetraia. Taula gaineko sorkuntzatik, filmerainoko metodoa

Alde batetik, Beñat Fontaneda, Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de Mendizabalen Antzezmetraia lana izan da aukeratuetako bat.

Antzezmetraia diziplinarteko metodologian oinarritutako ikus-entzunezko lan bat sortzeko proiektu kolektiboa da. Proiektu pilotu gisa -eta esperimentazioaren bitartez-, ikus-entzunezko lanak sortuko dituzte lauren artean, zinema eta antzerkiaren lengoaien arteko fusioaren emaitza izango direnak. Horrez gain, prozesu eta metodologiaren aplikazioa erakusten duen making-of bat grabatuko dute. Partaide bakoitza esparru eta berezitasun batetik datorrenez, ekarpenak eta lan egiteko erak anitzak izango dira. Beñat Fontaneda, zinema zuzendaritzan, gidoilaritzan eta edizioan; Aitor Vinagret antzerkian antzezle sortzaile eta zuzendari; Josune Velez de Mendizabal antzerkian ekoizle eta sortzaile/antzezle eta Ainhoa Imaz komunikazioan eta kultur kudeaketan gidari. 

Espazioa. Bidaia bat gure baitan

Bestetik, Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberen diziplina arteko Espazioa lana izango da datozen hilabeteetan garatuko den bigarren egitasmoa.

Espazioa Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako obra eszeniko bat da, non antzerkiak zinemak, magiak eta musikak topo egiten duten. Lan honetako protagonista astronauta bat da, espazio-ontzia Lurraren parean aparkatuta duena. Bertatik, gure planetak gaur egun dituen konplexutasunei aurre egiteko gizabanako eta gizarte gisa ditugun alternatibei buruzko hausnarketa egiten du; horretarako, konexio ezberdinak sortuko ditu adiskide eta hain adiskide ez diren lurtarrekin. Hezkuntza-eremurako ere proiektu interesgarria izan dadin, Espazioa lanak material pedagogiko ezberdinak sortuko ditu, osasun mentalaren, pedagogiaren edo Garapen Iraunkorreko Helburuen arloetako profesionalekin batera, besteak beste.

Diru-poltsa

Bi proiektu hauek garatzeko 7.500 €-tako diru-poltsa osatu da TopAraba deialdian, eta Vital Fundazioak eman duen babesa ezinbestekoa izan da dirulaguntza bideratu ahal izateko. Diru-poltsaren banaketa modu honetan egin da: Antzezmetraia proiektuak 4.500 € jasoko ditu eta Espazioa proposamenak, berriz, 3.000 €.

Gainera, egitasmo honek Karraskan elkartearen laguntza (Euskadin kulturaren berrikuntza eta berrikuntzaren kultura sustatzeko elkartea) ere jaso du.

Momentu honetan egitasmoaren bigarren fasean daude bi taldeak: Beñat Fontaneda, Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de Mendizabal, eta Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe beren proiektuak garatzen ari dira. Horretarako murgilduta, hamabi hilabeteko epea izango dute eta proiektuak amaitutakoan, hauen aurkezpen publikoen berri emango da.