Aniez Ceccon miarriztarrak irekiko du Ilunabarrean Dantzan 2020

2019-12-30 / oihaneder

Ilunabarrean Dantzan zikloa bueltan dator Oihanederren klaustrora, bosgarren urtez. Urtarriletik martxora hiru folk-dantzaldi egingo dira, hilean behin, igande iluntzetanEuskal lurralde desberdinetako dantzariek zuzenduko dute saio bakoitza. Guztietan zuzeneko musika egongo da, Ander Zabaleta trikitilariaren eta Nika Bitchiaskvili bibolinjolearen gidaritzapean. Miarritzeko Aniez Ceccon dantzariak gidatuko du lehen saioa urtarrilaren 19an. Parte hartzeko izena eman behar da ezinbestean urtarrilaren 13tik 17ra bitartean.

Dantzaldi bakoitzean 12-15 dantza bitartean landuko dira; batetik balfolk jaialdietan ohikoenak direnak: scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals eta polka; eta bestetik, egun bakoitzeko dantza gidariak ekarritako proposamen propioak; fandangoa eta arin-arina ere ez dira faltako. Saio guztietan zuzeneko musika egongo da, Ander Zabaleta trikitilari gasteiztarrak zuzenduta eta Nika Bitchiaskvili bibolinjoleak lagunduta.

Lehen saioa urtarrilaren 19an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Aniez Ceccon miarriztarrak gidatuta.

Betti Betelurekin ikasitakoa (jauziak hilzoritik berpiztu eta plazetan berriz sustatu zituena), harengandik jaso zuen dantzaren transmisiorako grina. Dantzaren zalea da oro har.  Grand Bal de l’Europe dantza-jaialdi handian ohiko parte-hartzailea, bateko eta besteko tradiziozko dantza errepertorio zabala jaso du. Tradiziozko dantza irakasle dihardu haurrekin zein helduekin, Euskal Herrian, Frantzian oro har, baita Europan zehar ere.  Patxi eta Batbiru  taldeko partaide izan zen sei urtez, 3 CD grabatuta. Ondoren Thierry Biscarry-rekin Kokin taldean “… eta kantuz hasi ziren” CDa grabatu zuen (2006), plazako dantzarako piezekin osatutakoa hau ere. 2008an Zeina  taldea sortu zuen, Europako jaialdietan ohikoa den dantza-errepertorioa Euskal Herrian ezagutzera emateko, bera dantza-gidari dela. Europako dantza batzuk deskubritzeko aukera proposatzen digu, denontzako egingarri, dantzan betean parte-hartzeko.

Otsailean Eibarko Josu Garatek zuzenduko du dantzaldia. Martxoan, berriz, Elgetako Patxi Monterok.

Dantzaldietako edukiera mugatua da, beraz parte hartzeko izena eman behar da. Saio bakoitzaren aurreko astean irekiko ditugu epeak izena emateko. Oihaneder Euskararen Etxeko harreran ere izena emateko aukera egongo da. Lehen saiorako izen-emate epea urtarrilaren 13tik aurrera irekiko da.