Ahoskera laborategia: zuzentasunari, egokitasunari eta naturaltasunari buruzko saioak Gasteizen

2020-12-16 / oihaneder

Oihaneder Euskararen Etxeak, UEUrekin elkarlanean, eta hainbat eragileren eta erakunderen laguntzarekin euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzeko laborategia jarriko du martxan 2021ean.

Ahoskera Laborategian, azentua, intonazioa, euskal doinua, etab. landuko dira.

Horretarako mahainguru bat eta hiru saio trinko antolatuko dira 2021eko otsailetik apirilera bitartean: 

  • Mahaingurua (otsailak 24). Euskara lanabes duten hiru profesionalen hausnarketak entzungo ditugu: Ilaski Serrano, Franck Dolosor eta Edurne Azkarate.
  • Hiru saio trinko larunbat goizetan (martxoak 13 /27, apirilak 17):
    • Lehenik gaiari lotutako adituen ekarpena jasoko da: Lourdes Oñederra, Oroitz Jauregi, Kike Amonarriz eta Julia Marin;
    • Ondoren esperimentatzeari ekingo zaio laborategian: bideratzaile izango ditugu Imanol Miranda, Jon Sanchez eta Alba Fernandez.

Saioetan izena emateko epea dagoeneko irekita dago UEUren webgunean: hemen

Helburuak:

  • Euskara estandarraren ahoskera egokia, jatorra eta zuzena jorratzea.
  • Euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzea: azentua, intonazioa, euskal doinua…
  • Hitza eta ahotsa lanabes duten profesional euskaldunei oinarri teoriko eta praktiko sendoak eskaintzea.
  • Interesa agertzen duen orori bere ahoskera hobetzen laguntzea.
  • Euskara estandarraren ahoskeraren oinarrien inguruko hausnarketak praktikan jartzea.
  • Euskararen erabilera sustatzea.

Laborategia:

Ahozko euskararen inguruko lanketa berezia egin nahi da, eta praktikari garrantzi berezia emango zaio: saio bakoitzaren bigarren zatian, metodo enpirikoa geure egin, eta esperimentatu egingo da, ahozkoa lan-tresnatzat hartuta.

Probetarik ez da erabiliko; baina, laborategi-lanak eskatzen duen bezala, probetan ardaztuko dira saiook, probatzea baita edozein langairi etekina ateratzeko modurik egokiena: hizkuntzarekin jolastea, saiakuntzak egitea, esperimentatzea. 

Amaieran, nola ez, ikasitakotik ondorioak ateratzen saiatuko gara, eta denon arteko hausnarketa eta iritzi-trukea baliatuko da.

Nori zuzendua dago ikastaroa?

  • Hitza lanabes duten profesionalei:
    • Hedabide ezberdinetako esatariak: telebista eta irratia, batez ere
    • Hezkuntza arloko irakasleak: ikastetxeak, euskaltegiak, unibertsitatea…
    • Kultur sortzaileak: aktoreak, bikoiztaileak, ipuinkontalariak, bertsolariak, magoak….
  • Bere ahoskera hobetu nahi duen edonori.

Laguntzaileak:

  • IKA euskaltegiak
  • AEK euskaltegiak