Xabier Montoia vs No english, please

martxoa
19
igandea
19:00
2017

saski-naski_02_xabier-montoia_v4Karmele Jaioren Orain hilak ditugu ikuskizun literarioak eman genion hasiera otsailean Saski Naski zikloari eta martxoan beste gasteiztar batek hartuko dio lekukoa: Xabier Montoia musikari eta idazleak, hain zuzen ere.

Xabier Montoia vs No english, please Montoiak eta bere bi kideek Bilbo aldean jorratzen duten Izar & Star VII ekimenerako prestatu duten errepertorioa da. Bilboko Kafe Antzokian eta Donostiako Tabakaleran eskaini eta gero, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxera ekarriko dute saioa.

Horretarako ingelesa ez den beste 8 hizkuntzatan abestuko dituzte beste hainbeste bertsio: katalanez, italieraz, frantsesez, galegoz, alemanez… Xabier Montoiaren abesti propioak Caetano Veloso, Maria del Mar Bonet, Kurt Weill eta beste batzuen kantuekin tartekatuko dituzte.

logo-izar-starM-ak eta Hertzainak taldeetako kide ohia den Xabier Montoia gasteiztarrak Ibon Rodríguez eta Itziar Lertxundi izango ditu ondoan. Lehenengoak, hainbat proiektutan murgildutako musikariak -Eten, Gargara, IbonRG…-, pianoa eta gitarra joko ditu; Itziar Lertxundik aldiz, Et Incarnatus-eko kideak, txeloa joko du.

Izar & Star ekimena Euskal Herrian sortutako pop-rockaren aberastasun, aniztasun eta kalitatea erakusteko asmoz jaio zen. Haien abestiez gain, izen handiko taldeenak ere berrinterpretatuko dituzte, proiekzio unibertsaleko disko, artista edo genero bakoitza beren ikuspuntutik jorratuz. Bertako publikoarentzako opari berezi baino bereziagoa.

saski-naski-logoaSaski Naski, sorkuntza artistikoen otzara zikloak Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun ezberdinen erakusleihoa izan nahi du. Hilean behin egingo da igande arratsaldetan. Batez ere, literatura, antzerkia, dantza, irudiak eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak izango ditu ardatz, baina ez dizkio ateak ixten beste mota batzuetako proposamenei, beti ere Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan egingarriak badira.

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna aitzaki, letretera itzuliko gara, literaturara eta liburuetako ilustrazioetara, hain zuzen ere. Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkartearekin elkarlanean eta Mikel Ayerbe koordinatzaile lanetan, Ilustrazioek hitz egiten dutenean zuzeneko emanaldia izango da hiru ilustratzailerekin, hirurak emakumeak: Elena Odriozola, Maite Gurrutxaga eta Helena Azkarragaurizar.