The Shock Doctrine

ekaina
06
asteartea
18:45
2017

Zinema jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen duen Filmazpit zikloaren barruko proiekzioa. Filmak hilean behin, astearteetan, proiektatzen dira. 18:45ean filmen aurkezpena egiten da eta 19:00etan proiekzioaren txanda izaten da.

Gaurkoan, The Shock Doctrine (Michael Winterbottom & Mat Whitecross, 2009, Erresuma Batua) filma proiektatuko da, giza eskubideen urraketa lantzen duten filmak protagonista dituen blokearen barruan.

Sinopsia: Filmak Milton Friedmanen teorien jatorria aztertzen du baita teoria horiek azken berrogei urteetan praktikan izan duten aplikazioa ere, egoera oso ezberdinak zituzten herrialdeetan; esaterako, Pinocheten garaiko Txilen, Yeltsinen Errusian, Thatcherren  Britaina Handian eta duela gutxi, Afganistango eta Irakeko inbasioetan.

The Shock Doctrine lanak agerian uzten du Friedmanen ideologiaren alderik ilunena, hain onarpen txikia izanik, torturaren eta errepresioaren bitartez baino ezarri ezin zena. Naomi Kleinek idatzitako izenburu bereko liburuan oinarrituta dago dokumental hau, eta idazleak  “hondamendiaren kapitalismoa” izendatutakoaren gorakada azaltzen digu: krisi garaien aprobetxamendua gobernuen eta enpresa handien aldetik herri ahulen ekonomiak arpilatzeko.

Jatorrizko hizkuntza: Ingelesa

Filmazpit Zineuskadi elkarteak  finantzatutako euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da eta Donostia Kulturak kudeatzen du Donostiako Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin.