MICE

martxoa
22
osteguna
19:30
2018
Vitoria-Gasteiz|Vitoria-Gasteiz

MICE dugu martxoko Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko musika kontzertuen zikloko protagonista. Saio hau  Ortuño aretoan izango da.

Urte luzez hainbat proiektutan ibili eta gero Miren Narbaizak (Napoka Hiria, Perlak, Joseba B. Lenoir edo Dual Split) bere bakarkako bideari ekin dio. MICE izenpean kaleratu du bere debuteko lana. Zortzi kantu, zortziak bereziak, orain arte egindako bidetik ikasi duena eta erakusteko gogoz zegoena doinuetan jarri nahi izan du eibartarrak. Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, ahotsa denaren gidari eta Atala estudioko soinu sendo eta dotorea oinarrian duela.

Joseba Baleztena (Sexty Sexers, Joseba B. Lenoir, Sumisión City Blues) musikari handia izan du alboan diskoa ekoizten. Narbaizaren konposizioen moldaketen ardura ez ezik, gitarrak, bajua eta teklatuak ere gehitu dizkio grabazioan. Ilargi Agirre (Perlak, Joseba B. Lenoir) zarauztarra eseri da baterian eta soinuaren ardura Iñigo Irazokik izan du.

Kontzertu honetan Joseba Baleztenarekin joko du.

2015ean abiatutako Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko kontzertuen zikloak ibilbide luzeko zein hasi berri diren musikarien eskaintzaz gozatzeko aukera ematen digu. Kontzertuak hilean behin izaten dira, hileko azken ostegunean zehazki, 19:30ean.