Maria Rivero & Tribu Banda Kintsukoroi

abendua
19
osteguna
19:30
2019
Falerina Taberna

Kintsukoroi japoniar keramikan erabiltzen duten teknika da, non apurtutako piezaren arrakalak urreaz betetzen dituzten, apurtuta eta ondoren konponduta izan den horri balorea emateko. Japoniarren arabera kalte bat pairatu duen edozerk istorio bat dauka, ederrago bihurtzen duen istorio bat, eta horri ikusgarritasuna ematen diote konpontzerakoan.

Arte honetan bezala, Mariak ez ditu bere akatsak ezkutatu nahi, ez du Maria makilatu bat isladatu nahi… bera den bezalakoa agertu nahi du jendaurrean, bere bizitzan bizitako min, poztasun, indar, haustura, kolpe eta negar guztiekin, baina bizitzak utzitako arrakala horiek urre bihurtuta, irakasgai eta aurrera jarraitzeko motibo.

Kintsukoroi ez da disko bat, jaiotzatik hazten eta eraldatzen joan den proiektua da, bizirik dagoen proiektua. Mariaren konposaketak ditu oinarrian, baina hiru ardatzetan bananduta aurkezten zaigu:

1- Jaiotza: Kantu biluziak, oinarrian Mariak konposatzen dituen moduan eskainiak, elementu apaingarri ezta gehigarririk gabe.

2- Tribua: Mariak bere ibilbide artistikoan topatutako sortzaile ezberdinekin elkarlanak aurkeztuko dizkigu, formatu ezberdinetan.

3- Mark: Hilabete asko daramatza Maria Bartzelonakoa den Mark Jordan produktorearekin batera lanean. Porduktorearen base industrialak, Mariaren kantuekin nahastua, proiektuaren tarte oso berezia eskeiniko digute. 2018ko abenduan lan honen emaitza bilduko duen EP bat argitaratu zuten.

Ikusten duzuenez, Kintsukoroi bizitakoaren batuketa da, egiteke dagoen bide berria…

Maria Riveroren emanaldia izango da urteko Eskilerapeko Soinuak zikloaren azken kontzertua.