Manez eta Kobreak "Kalapita produkzioak" ekoiztua

martxoa
17
igandea
19:00
2019
Klaustroa

Manez, Thierry Biscary-ren (1976, Anhauze, Behe Nafarroa) izen artistikoa da. Talde ezberdinetan (Bolbora, Hegalka, Kokin, Kalakan…) kantatu ondoren, oraingoan bere kantuak aurkezten dizkigu.

Lekukotasun intimo bat ematen digu; bere ahaide, auzokide, adiskide eta ezagun batzuen bizi parteak kontatzen ditu. Jon Maia, Uxue Alberdi, Xabier Euzkitze, Aurelia Arkotxa eta Itxaro Borda olerkari eta bertsolariek idatzi dituzte alegia eta kondaira horiek.

Ondoko pertsonaiak biziarazi dituzte: Joana gazteak Behorlegitik joateko beharra eta nekezia dauka, Baigorriko laborari batek semearen bizitza bere ordez kudeatu nahi luke, Arnegiko Martin Beltza buhamea etxaldez etxalde eske ibiltzen da, Bermeoko alargunek zoritxarra gainditzeko dantzatzen dute, Ñakosa Aturri ibaian itotzen da urteak pasa ondoren Manezen ondoan, Elizondoko bi alargunek beren bakardadea batzea deliberatzen dute…

Sentikortasunezko Euskal Herri poetiko bat deskubrituko dugu, egiazkoa eta asmatutakoa. Biscaryren hitzetan «kantu horiek lurrarekin dudan harremana aipatzen dute: errotu edo abiatu, joan eta aske izan edo egon eta betikotu. Halaber, besteekin dudan harremana galdezkatzen dut: komunitate baten parte izan edo bazter izan? Zer urruntasuna hartu besteen entzuten egoiteko, erraiten dena eta erraiten ez den guzia onartzeko? Nere ezberdintasuna eta nortasuna nola onartu?».

Eta KOBREAK… metalezko musikariak dira,  jotzeaz gain kantariak ere badirenak. Euskal Herriko ehunka talde informal bezala, gogotik kantatzen dute.

Taldearen erreferentziak hauek dira: Behe Nafarroko soinu mutilak (jai batzordeko gazteak etxez etxe eske ibiltzen direnak), Garaziko Ramuntcho orkesta, koblakariak; elizetan, tabernetan edo famili bazkarietan kantatzen duten gizon eta emazteak…

Eszenatokian taldekide bakoitzak pertsonaia bat dauka. Pertsonaia bakoitzak arrazoi ezberdinengatik etxetik alde egin du. Denak nomada bihurtu dira eta batzuk ofizio berri bat hartu dute. Horrela jende asko ezagutu, munduaren aniztasuna ikusi, eta herri honetako biztanleen eguneroko drama ttipiak behatu dituzte.

Mintxo behi tratularia eta Iruñako harakina da; Maider berriz, idazle publikoa Donostiako tren geltokian; Pauline Maulerat etortzen ziren Aragoiko ainaren (inudea) ondokoa; Vianney hackerra eta Bixente Hazparneko sendagilea.

Taldearen musika tradizioan oinarritzen da, eta aldi berean, doinu berrien freskotasuna eta txistukatzen diren kantuen bizitasuna dauka. Kontzertu hau KALAPITA PRODUKZIOAK ekoiztua izango da.

Manez:

  • Thierry Biscary: ahotsa, perkusioak, konposizioak eta moldaketak

…eta KOBREAK

  • Maider Martineau: ahotsa, eskusoinua, perkusioak
  • Fermin Garaikoetxea ‘Mintxo’: ahotsa, tronpeta, bonbardinoa
  • Vianney Desplantes: ahotsa, bonbardinoa
  • Bixente Etchegaray: ahotsa, tronpeta
  • Pauline Lafitte: ahotsa, perkusioak
  • Mixel Ducau: ahotsa, saxofoia