Leiho bat zabalik Jabier Muguruza

maiatza
23
osteguna
19:00
2019
Falerina taberna

Poetak Maiatzean 2019 jaialdiaren baitan, Jabier Muguruzak diska berria aurkeztuko digu, Ander Mujikarekin batera.

Bakarlari irundarraren disko berriak, hamabosgarrena kantautore moduan, aldaketa nabarmena dakar instrumentazio aldetik: urte luzeetan lagundu dion oinarri akustikoa alde batera utzi, eta gitarra elektrikoak (Ander Mujika) eta elementu elektronikoak (“Carasueño”) ditu ardatz oraingo honetan; modu horretara, soinu-paisaia berri batera eramaten du obra.

Bi musikari nagusi horiez gain, Mireia Otzerinjauregiren ahotsa dago, eta gonbidatu gisa, Miren Iza kantaria (Tulsa).

Hala ere, eta aldaketak aldaketa, Jabierren jarraitzaileak berehala ezagutuko ditu bere ohiko estiloa eta nortasuna: tempo lasaiak, hitz intimistak belarrira xuxurlatuak, dotorezia melodietan, emozioen alkimia…

Hitzak, ohiko kolaboratzaileenak dira oraingoan ere (Iñaki Irazu, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron, Harkaitz Cano), gehi, aspaldiko partez, Iban Zaldua eta Angel Erro, eta, aurreneko aldiz, Iñigo Astiz.

Bestalde, esan beharra dago doinu guztiak Jabierrenak direla.

Grabaketa bi fasetan burutu da: lehenengoa (ahotsak eta gitarrak), Beran, Atala estudioan, Iñigo Irazokiren eskutik; eta bigarrena (elektronika eta nahasketak), Zaragozan, “Carasueño”ren ardurapean.

Irungo kantaria behin eta berriz errepikatzen ari den gisan, kulturarako garai ilun hauetan, ilusioa eta gogoari eusteko apustu kementsua da orain aurkezten duen Leiho bat zabalik hau.

Poetak maiatzean jaialdiaren 2019ko programa: hemen.