Laburbira 2019 Euskarazko film laburren XVI. zirkuitua

apirila
03
asteazkena
18:00
2019
Ortuño

Martxoaren 18tik apirilaren 17ra, Laburbirak 35 herri bisitatuko ditu. Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, euskarazko zinegintzaren bederatzi dosi txiki eta fresko zabalduko dira lau haizetara. Gasteizera GEUelkarteak, Oihaneder Euskararen Etxeak, AEK-k eta IKAk ekarriko dituzte ale horiek. 

Lan askoren artean aukeratutako 9 film laburrekin osotutako proiekzioa da publikoari eskainiko zaiona: euskaraz egina eta esklusiboa. Zinezaleentzat galdu ezinezko hitzordua!

Sarrerak ikasle, bazkide, mintzalagun eta interesa dutenen artean banatuko dira. Zure gonbidapena lortu nahi baduzu, idatzi oihaneder@oihaneder.eus helbidera eta zehaztu zure izen abizenak, telefono zenbakia eta e-posta. Eta esan “Laburbira 2019“ko ekitaldirako dela. Azkar ibili!

Laburbiraren hamaseigarren edizioko 9 film laburrak 2016 eta 2018a bitartean egindakoak dira:  maitasun istorioak, tentsio bizikoak, bi animaziozko lan, iraganeko kontakizunen bat, Behe Nafarroko istorio bat, magia, intriga eta umorea dira, besteak beste, aurtengoek dakartena. Sortzaile gazteen lanak dira gehienak eta esperientzia luzeko zuzendarienak beste batzuk. Bederatzitik zazpi emakumeek zuzendutakoak. Denak uztartuta, ordubeteko proiekzioa osatu da; kalitatezkoa eta dibertigarria,  euskarazko film laburren zaleei merezi duten gozatua emateko.

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira zirkuitu ibiltariak Euskal Herriko eta mugaz gaindiko aretoak bisitatuko ditu, 16.urtez, bi helbururekin: euskaraz aritzen diren sortzaileen film laburrak ezagutaraztea eta ikusleei ordu bete inguruko proiekzio entretenigarri batez gozaraztea.

Aurtengo kartelera hemen ikus daiteke: