Korrotik pikutara: Euskal dantzaren historia bat dantzaren bidez kontatua Gari Otamendi & Oier Araolaza

otsaila
22
Ostirala
20:00
Klaustroa

SOKA, euskal dantzaren urratsetan erakusketaren testuinguruan, Gari Otamendik eta Oier Araolazak euskal dantzaren historia bat kontatu eta gorpuztuko dute,  hitzaldi-dantzatu moduan aurkezten den ekitaldi honetan. Dantza molde zaharretatik gaur egungo dantza formetara egindako bideari erreparatuko diote: korroan, borobilean hasi, eta dantzak nola joan diren aldatzen erakutsiko dute, soka-dantza, ingurutxo eta kontra-dantzetatik pasaz, bikote dantzetara iritsi eta azkenik norbanako bihurtu arte. Taldetik indibidualera, borobiletik dispertsiora, korrotik pikutara joan omen dira aldatzen gure ohiko dantzak. Ibilbide hori hitzez eta dantzaz aurkezten dute, historia kontatu eta dantzatu bat beraz.

Gari Otamendi dantzaria eta musikaria da. Añorgako Arkaitz eta Donostiako Argia dantza taldeetako dantzaria da, Dantzan.eus-ko kidea da, Gipuzkoako Dantzagunean egiten du lan, eta hainbat musika, bertso eta dantza talderekin jotzen du arrabita. Estreinatu berri den Dantza filmako protagonistetako bat da.

Oier Araolaza Haritz taldean ikasi zuen zenbait urtez, eta gaur egun Kezka eta Argia taldeetan aritzen da. Dantzan.eus webguneko editorea ere bada, baita Euskal dantza liburuaren egilea ere (Etxepare, 2012). 2010etik Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea da eta gaur egun, EHUko ikerlaria da; dantza eta generoari buruzko tesia egiten ari da. Estreinatu berri den Dantza filman parte hartu du.

*Parte hartzeko gonbidapena behar da. Otsailaren 15ean, 15:00etatik aurrera Oihaneder Euskararen Etxeko harreran eskuragai izango dira. Pertsona bakoitzeko gehienez 2  gonbidapen banatuko dira.

** Salbuespen gisa, ekintza hau EZ da Oihanederren izango, Landatxo Gizarte Etxean baizik.