Izan Media Herri komunikazio tailerrak

urtarrila
19
larunbata
10:00
2019
Betolaza aretoa & Tailerrak

Urtero bezala, 2019aren hasieran, Izan Media herri komunikazio tailerrak antolatuko ditu Hala Bedik. Aurtengo hitzordua urtarrilaren 19an izango da, Oihaneder Euskararen Etxean.

Tailer hauen helburua, komunikabide handiek jartzen dituzten gero eta traba handiagoei aurre egiteko hazia ereitea da. Herri mugimenduak zein norbanakoak komunikazioaren arloan ahalduntzea eta, bide batez, Hala Bediren proiektu komunikatiboan inplikatzea.

Parte hartzeko izena eman behar da urtarrilaren 11 baino lehen.

 

Honakoak dira antolatutako lau tailerren (irratigintza, kartelgintza oinarriak, bideogintza eta prentsa / sare sozialak) nondik norakoak:

  • Kartelgintza

Goizean, kartelgintza munduan lehenengo pausoak emateko aukera izango da. Hasieran, programak eskaintzen dituen erreminta ezberdinak ikasiko dira, adibide praktikoekin. Bukatzeko, kartel  ezberdinak egiteko aukera izango da, guztien ideiak eta praktika elkarbanatuz.

Arratsaldean, goizean ikasitakoak sendotu eta praktikara eramango dira. Tailer honetan oinarrizko ezagupenak landuko dira eta, ondorioz, ez da aldez aurretiko ezagupenik izan behar. Norberak bere ordenagailu propioa ekarri beharko du.

  • Bideogintza

Irakasleak: HalaBideo taldea

Talde ezberdinetan banatuta, ikus-entzunezko proiektu bat sortzeko oinarriak emango dira, aurrerantzean bakoitzak garatu beharrekoak. Urtarrilaren 18an, ostirala, kalean arituko dira bideo grabazio ezberdinak burutuz eta hurrengo egunean landuko diren materialak biltzen.

Larunbat goizean, irudien eta soinuen grabazioaren oinarrizko teoria jaso ostean, praktikara pasako da, aurreko egunean grabaturiko errekurtso ezberdinekin lan eginez.

Arratsaldean, bideo-edizioaren oinarriak landuko dira: programako erremintak, irudien eta soinuen nahasketa, errotuloak. Ostean, bideoei formatua eman eta sarean zabaltzeko azalpenarekin batera, tailerrean egindako lanak proiektatu eta komentatuko dira.

  • Irratigintza
    • Ahozkotasuna irratigintzan: hausnarketa, teoria eta produkzioa. Ahozkotasunaren gakoak aurkeztu eta ahozko produkzioan barneratuko dira hitza mingainetik mikrora eramanaz
    • Irrati mahaiaren erabilera: irrati mahai baten funtzionamendua ezagutu eta ahozkotasunean sortutako audioak grabatuko dira (irratian)
    • Audio edizioa: Grabatutako audioak editatzen ikasi, oinarrizko programa baten bitartez
  • Prentsa eta Sare Sozialak

Goizean, EHko eta nazioarteko ekimen eta ekintza ikusgarrien bitartez, eta kazetarien ikuspegia kontuan hartuta, ondorio, gomendio eta ikasgai batzuk lortzeko saiakera egingo da, herri mugimenduaren praktika politiko eta komunikatiboa hobetzeko, besteak beste, sare sozialak baliatuta.

Arratsaldean, herri mugimendutik prentsarekin harremana nola kudeatu ikasiko da, hau da, deialdi eta mobilizazioen berri emateko estrategia komunikatiboa aurrera eramateko irizpideak. Horretarako, herri mugimendu esanguratsu batzuen esperientzia jaso, eta ondoren, kasu zehatzetatik abiatuta, lanketa komunikatibo on bat garatzeko ariketa praktikoa egingo da.

Parte hartzeko irizpideak:

Parte hartzeko, Halabediren webgunean  helbidean  izango den inprimakia betetzea nahikoa izango da. Matrikulazioa eginda, 10€ ordaindu beharko dira egunean bertan, eta Hala Bediko USB bat emango da opari, tailerren eduki teorikoekin eta hainbat erremintekin. Izen-ematea urtarrilaren 11n itxiko da.

Tailer guztiak aldi berean garatuko dira, bi bloketan banatuta: 10.00etatik 13.00etara goizean, eta bazkalostean, 16.00etatik 19.00etara.

Izena eman duten pertsonak 9.45etan azaldu beharko dira Oihaneder Euskararen Etxera.

Honetaz gain, tailerretara datozenek, Hala Bedi Tabernan  eguneko platerra  eta edaria izango dituzte aukeran, baina aldez aurretik abisatu behar da bazkariaren aukera nahi bada.

Hala Bedi irratia (r)ekin elkarlanean