Ikasturteko azken saioa

martxoa
11
ostirala
20:00
2016

ilunabarrean dantzanIlunabarrean dantzan, balfolk-aren eta euskal dantzen plaza zikloak ostiralean, martxoak 11, agurtuko du ikasturtea, arratsaldeko 20:00etan. Zikloaren amaierak ukitu berezia izango du, izan ere, Nika Bitchiashvilik joko du bibolina eta Suitzako balfolk mugimenduan ibiltzen diren hainbat dantzariren bisita izango dugu.

Azken saioan dantza klasea beharrean  ikasturtean zehar ikasitako dantza guztien birpasa egingo da. Scottish-ak, mazurkak, bourrée-ak, balsak eta noski, euskal dantzak ere, jo eta dantzatuko dira.

Ander Zabaleta trikitilariak gidatutako musikari talde gazteari, oraingoan Nika Bitchiashvili biolinista gehituko zaio. Gainera Suitzako eta inguruko herrialdeetako Balfolk saioetan maiz parte hartzen duten hamar bat suitzar ere batuko dira hitzordura.

Urritik martxora, sei saio egin dira guztira, hilero bat. Berauetan Euskal Herriko eta Europako musika eta dantzak jo eta dantzatu dira. Zikloaren bitartez, euskal dantzez gain Balfolk-a hurbildu nahi izan zaie gasteiztarrei, Europako lurralde ezberdinetako folk dantza tradizionalak eta zuzeneko musika uztartzen dituen saioa, hain zuzen ere. Balfolk mugimendua Frantzian hasi zen 70. hamarkadan eta gaur egun Belgika, Suitza, Italia, Alemania, Holanda edo Katalunia bezalako lurraldeetan ere oso zabalduta dago. Bartzelonan esaterako, astebururo dago Balfolk-a dantzatzeko aukera.

Mila esker parte hartu duzuen guztioi eta laster arte!