Hysteron

urria
29
igandea
19:00
2017

Saski Naski zikloak dakarkigun Hysteron ikuskizuna argazki bilduma bat da; aintzinako teknika primitiboak erabilita Nagore Legarretak sortu duen proiektua.

Argazkietan emakume gorputz zatikatuak irudikatzen dira; elkarrekin harremanetan dauden emakumeak: tentsioan, elkarri bultza egiten diote batzutan, eta bestetan, batu egiten dira.

Giza harremanen inguruko gogoeta da Hysteron, norberaren espazio pertsonala eta gainerako gizakien espazio pertsonalaren arteko tentsioaren inguruko gogoeta. Bizi dugun gizarte posindustrilizatu honetan, pertsonok gure buruari eta ondokoari ematen diogun tratuaren inguruko hausnarketa da, genero ikuspuntutik abiatuta.

Proiektu honen berezitasuna da, argazkilariak berak eraikitako kamarekin sortu direla irudiak. Kamaretako bat, bost kiloko bonito lata batekin eraiki da, eta bestea, lapiko batekin. Argazki kamara hauek bereziki proiektu honetarako eraiki dira. Emakumeen gorputzen artean sortu diren fusioak kamarari lau zulo eginda sortu dira.

Hysteron argazki proiektu izatetik proiektu zabalagoa izatera pasa da, izan ere proiektu honen atzean dauden ideiak beste hainbat sortzailerekin elkarbanatu ondoren, eta urtebetez inprobisatzen pasa ondoren, diziplina arteko emanaldia sortu dute.

Emanaldian zuzeneko testu irakurketa, zuzeneko musika, mugimendua-dantza eta argazkien proiekzioa uztartzen dira. Emanaldiko elementu guztiek argazkien atzean dauden ideiekin lotuta daude eta emanaldirako espreski sortu dira.

7 lagunek osatzen dute emanaldia:

  • Testuak: Danele Sarriugarte eta Gorka Setien
  • Mugimendua-dantza: Txaro Untzilla
  • Musikariak: Aida Torres, Beñat Iturrioz eta Mariano Hurtado
  • Argazki proiekzioa: Nagore Legarreta
  • Instrumentuak aitak, Jabier Legarretak, sortu ditu emanaldian parte hartzen duten kideekin elkarlanean: galleta kaja batekin eta zerrekin egindako malinba, egurrezko arku eta metalezko soka batekin egindako birinbaoa, metalezko balde batekin egindako kontrabajua, lata eta arrozarekin egindako maraka, azeituna latekin egindako bateria…

Saski Naski sorkuntza artistikoen otzara zikloak Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun ezberdinen erakusleihoa izateko bokazioz jaio zen 2017an. Hilean behin egingo da igande arratsaldetan. Batez ere, literatura, antzerkia, dantza, irudiak eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak ditu ardatz, baina ez dizkio ateak ixten beste mota batzuetako proposamenei, beti ere Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan egingarriak badira.