Herensuge Zurien artean Alberto Zerain

apirila
11
osteguna
19:00
2019
Ortuño

Alberto Zerain mendizalea 2011. urtean Nanga Parbat mendiko Mazeno ertza delakoaren ibilbidea egiten saiatu zen. Espedizio hartatik etorrita, hartutako irudiez baliaturik, espedizioa osorik deskribatzen zuen Herensuge Zurien artean dokumentala ondu zuen (Gasteiz, 2011. 53′).

Dokumentalak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ditu, eta bi bertsioetan Alberto Zerainek berak jarri zuen ahotsa. Horixe eskainiko da orain, 2011ko espedizio hartan egindako dokumentala. Euskarazko bertsioa orain arte ez da sekula eskaini jendaurrean. Zerainen lagun ona izandako Inaxio Lopez Aranak aurkeztuko du mendizalearen lana, estreinakoz Oihanederren.

Alberto Zerainek 56 urte beteko zituen 2017ko abuztuan. Arabarra, euskalduna eta euskaltzale porrokatua; horixe zen, besteak beste, Alberto.

Gasteizen jaioa, gurasoak Arabako Lautadakoak zituen. Mendian ibiltzeko grina gazte-gaztea zelarik ernatu zitzaion. Nerabezaroan Goros kobazulora egindako txango bat nahikoa izan zuen natura nola maite zuen ohartzeko. Lur azpiko sakonguneetatik abiatu, eta berehala jauzi egin zuen lur gaineko goi-paradisuetara. Baina Alberto ez zen edozerekin konformatzen, gero eta gorago iritsi nahi zuen-eta: Egino eta Atxarteko hormak izan ziren haren aurreneko erronkak, eta, gero, Pirinioak etorri ziren, eta, handik laster, Alpeekin maitemindu zen.

Oso mendizale indartsua zen. Trebea goietan eta zuhurtziaz ibili zalea beti. Ez zuen gailurretara nola edo hala iritsi nahi; igoera teknikoak nahiago zituen; benetako erronkak zituen gogokoen. Everest mendira 1993an igo zen. Gerora, bederatzi zortzimilako gehiago igo zituen.

2017ko ekainaren bukaera aldean, Nanga Parbat mendiko Mazeno ertzean, elur-jausi batek azpian harrapatu zuen. Mariano Galvan argentinarrarekin batera zihoan, eta biak ala biak desagertu ziren, Alberto Zerainek berak zenbait urte lehenago “Herensuge Zuri” izenaz bataiatu zituen haien azpian.

Pakistango mendi-gailurreria beldurgarri hartan bukatu zen Alberto Zerainen kirol-ibilbidea, Goros kobazuloan aspaldi hasi zen hura.

Ikusi 2017ko urtarrilean SolasAlean zikloaren baitan egindako elkarrizketa: