Euskararen biziberritzea: Familia eta aisialdia Jaime Altuna, Jone Miren Hernandez eta Paula Kasares

otsaila
28
asteartea
19:00
2017

euskararen-biziberritzeaEuskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroko bigarren saioak FAMILIA ETA AISIALDIA ditu protagonista.

Oihanederrek, UEUk eta Deustuko Euskal Gaien Institutuak elkarlanean antolatutako ikastaroa 5 saiotan dago banatuta, urtarriletik maiatzera bitartean, saio bat hilean. Interesdunek ikastaro osoan edo saioka eman dezakete izena. Irakasleentzat homologatutako ikastaroa da.

Gaurkoan Jaime Altuna, Jone Miren Hernandez eta Paula Kasares irakasleek emango dute saioa.

Altunak eta Hernandezez 2016an zehar gazte talde batekin burututako “Gu gazteok” ikerketa izango dute oinarri. Ikerketaren helburua gazteen ahotsak, iritziak eta praktikak jasotzea izan zen. Orduan, hizkuntzek orokorrean eta, euskarak bereziki, gazteen unibertsoan duten tokia hobeto ezagutu nahi zuten. Horregatik jo zuten gazteengana. Saioan, ikerlan horrek eman zuena aurkeztuko dute labur labur, ondoren emaitza nagusien inguruan hausnartu edo eztabaidatu ahal izateko. Kasaresek bere aldetik, Euskal Soziolinguistikan euskararen transmisioa jorratzeko tradizioaren gaineko ikuspegi kritikoa abiaburu, euskararen belaunez belauneko jarraipena aztertzeko eredu bat eratzeko egungo beharretan sakonduko du. Horretarako, hizkuntza sozializazio kontzeptua jorratu duten egileen lanetan barrenduko da. Haurrak euskaldun haztea helburu dugula, esku hartze programetarako egun dauden premiak eta aukerak aztertuko ditu. Lehenik, euskararen belaunez belauneko jarraipenerako programen xedearen formulazio-proposamena egingo du eta ondotik, haurrak hiztun bilakatzeko beharrezko gizarte-eremuez nahiz eragileez hausnartuko du.

Paula Kasares Euskal Filologian zein Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatu zen eta ondotik Hizkuntza Plangintzan (EHUn) eta Antropologian graduondoko ikasketak egin zituen. 2013an Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktore maila erdietsi zuen euskararen belaunez belauneko jarraipenaren eta familia euskaldunetako hizkuntza sozializazioaren gaineko tesi baten bidez. Haren ibilbidea soziolinguistikaren alorrean jorratu du: euskara teknikari aritu da, Udako Euskal Unibertsitateko Soziolinguistika sailaren arduraduna jardun zuen bai eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari ere. Egun Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakasle elkartua ere. Soziolinguistika eta hizkuntza-antropologia alorretako hiru libururen eta hainbat artikuluren egilea da. 2006tik euskaltzain urgazlea da.

Jone Miren Hernandez Informazio Zientzietan eta Gizarte eta Politika Zientzietan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Bere doktorego tesia 2005. urtean defendatu zuen UPV-EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean ondorengo izenburua zuelarik: “Euskara, comunidad e identidad : elementos de transmisión, elementos de transgresión”. Lan honek Espainiako Kultur Ministeritzak ematen duen “Marques de Lozoya” delako sari nazionala eskuratu zuen. Gizarte-ikerketako teknikari gisa lan egin zuen, aholkularitza eta merkatu-azterketen esparruan, eta gero berdintasunerako teknikari gisa aritu zen Tolosako Udalean (Gipuzkoa). Gaur egun Gizarte Antropologiako irakaslea da UPV-EHUan. Hainbat argitalpenen egilea da eta gai ugariko proiektuetan parte hartu du. Dena den, bere ikerketa-ildoak batik bat hizkuntza-antropologiarekin eta antropologia feministarekin daude lotuta. Azkenengo lau urteotan bertsolaritzak protagonismoa hartu du bere ibilbide zientifikoan, eta horren adibidea dira tarte honetan egindako argitalpenak, komunikazioak, etabar.. Feminismoa, generoa, emozioak, gorputza… bezalako gaiak ditu interesgune egun. Hortik ari da garatzen bere begirada, bai bertsolaritzari, bai euskal kulturari orokorrean.

Jaime Altuna UPV-EHUn Gizarte Antropologian graduatua da eta “Ikasketa Feministak eta generokoak” masterra egindakoa. Ibilbide profesional luzea garatu du haur eta gazteen heziketarako programetan. Azken urteetan heziketa, jolasa eta hizkuntza uztartzen dituzten egitasmoetan aritu da esku-hartze programa, argitalpen, hitzaldi, formazio eta ikerketa eginez. Besteak beste, lan hauek argitaratu ditu: “Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntz mudantzak nerabezaroan” (2015), “Erabileraren GPSa: Gazteen hizkuntza erabileran kokatu eta bertan esku-hartzeko gida” (2011), “Hezitzaileen prestakuntza eskola orduetatik kanpoko esparruan” (2007). Ikerketa hauetan parte hartu du: “Gu gazteok: 12-14 urteko gazteen hizkuntza egunerokotasunera hurbiltzeko ikerketa partehartzailea” (2016), “Maitasun deserosoak. Euskal Herriko zenbait gizonen bizipenak eta gogoetak” (2015), “Bidaiari proiektua. Tren erabiltzaileen ohiturak eta pertzepzioak“ (2015).