Ekialdeko txerokiera Misha Becker

apirila
18
asteazkena
19:00
2018

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 3. ikasturteak 6 hizkuntza hurbildu dizkigu: Europako frisiera eta kaxubiera, Amerikako kokamera eta txerokiera eta zeinu hizkuntzak eta esperantoa.

Ikasturteko azken saioan ekialdeko txerokiera hizkuntza ezagutuko dugu Misha Beckerren eskutik.

* Hitzaldia gazteleraz izango da.

Ekialdeko txerokiera bizirik gelditzen diren bi txeroki aldaeretako bat da. Bestea Oklahomako Txeroki Nazioak hitz egiten du gaur egun. Ekialdeko txerokiera Ipar Karolinako mendietan hitz egiten da, AEB-tako gobernuak 1838an bortxaz kaleratu ostean beraien lurraldean gelditu ziren Txeroki Indiarrak han gelditu baitziren. Txerokiera Iroquoia hizkuntza familiako hizkuntza da eta hegoaldeko adarretik bizirik gelditzen den hizkuntza bakarra da, kritikoki arriskuan dagoen arren.

Hiztun kopuruari dagokionez neurketak ez datoz bat. Izna ere, UNESCOren arabera 1000 hiztun inguru ditu baina komunitateko kide den Micah Swimmer-ek 200 baino ez daudela ondorioztatu du. Ipar Karolinako Cherokee herrian txerokiera murgiltze eskola bat dagoen arren, hizkuntza arrisku bizian dago oraindik ere.

Misha Becker Chapel Hilleko University of North Carolina erakundeko irakaslea da 2002az geroztik eta 2000. urtean eskuratu zuen doktoretza UCLA unibertsitatean. Bere lan eremu nagusia umeen sintaxiaren jabekuntza da. Azkenengo urteetan ildoa apur bat aldatu du eta orain umeen emoziozko hitzen jabekuntza eta bereziki, hizkuntza gutxituen ikaskuntza prozesua aztertzen ditu, txerokiera batik bat.

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du. Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira.

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, Irlandako gaelera eta kaxubiarra, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa eta lenkera, Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinu  hizkuntzak landu dira (ikusi zikloaren bloga).