Atte hil aurretik

ekaina
01
osteguna
21:00
2017

Zurrunbilo Jaialdiaren lehen egunean, gaur, ekainak 1, Beheko Larraine  antzerki konpainiak Atte hil aurretik antzezlana taularatuko du Oihaneder Euskararen Etxean.

Aktore bakarra, Miren Tirapu. Hiru pertsonaia. Objetuen erabilpen eta argi jokoen bitartez, publikoak espazio eta garai desberdinetatik bidaiatuko du.

Sinopsia: Anek gauero ipuin bera entzuten zuen amona Masusen ahotik. Bi hilabete igaro dira ordea historio hori azkenekoz entzun zuenetik.

Ihauteriak hemen dira berriz eta urtero bezala Erremosenea baserriko harategian ospatzeko erabakia hartuko du Anek. Bere amonak utzitako hutsuneak eta ihauteriek sakonki zirikatuko dute Ane, oheratzean entzuten zuen ipuin hark ezkutuan zeraman benetako esanahia agerian utziz.

Beheko Larraine Miren Tirapu Goikoetxeak (Iruñea, 1981) sortutako antzerki konpainia da.  Miren Centre de Estudis Cinematografics de Catalunyan diplomatu zen. Maria Stoyanova-rekin antzerki teknika ikerketetan aritu zen Bartzelonan eta aktore eta zuzendaritza ikastaroak jaso ditu Grotowski Institutoan (Polonia) eta E.I.C.TV-en (Cuba). Euskal Herrira itzultzean, Artedrama, Dejavú Panpin Laborategia eta Le petit Téâtre de Pain konpaniekin elkarlanean aritzeko aukera izan zuen. Halaber, hainbat ikastaro eskaini ditu.

Zurrunbilo, Parasite Kolektiboak bultzatu duen Euskal Arte Eszeniko Garaikideen Jaialdia da. Euskal antzerkia Gasteizera hurbiltzeko eta horren inguruan publiko bat sortzeko asmoarekin jaio zen eta arlo honekin hiriko euskal kultura aberasteko.

Jaialdi honek arte eszenikoen baitan dauden arlo ezberdinez arduratzea du helburu: musika, antzerkia, dantza edo poesia bezalako proposamenei lekua emanez eta horien inguruan bizi den komunitatea indartuz. Jaialdian tailerrak, ikuskizunak, performanceak eta kontzertuak egongo dira, beste proposamenen artean. Euskal Herrian mugitzen dena ikusgai egongo da, proposamen garaikideei arreta berezia jarriz.

Baratza Aretoa, Oihaneder Euskararen Etxea eta Arte Eszena Tailerra (TAE) kolaboratzaileak izanik jaialdia leku ezberdinetan garatuko da, hirian dauden espazio ezberdinak arrazoi berdinagatik bateratuz.