Arabako euskaldunak aktibatzeko 365 arrazoi

azaroa
23
osteguna
19:00
2017

Euskarak 365 egun dinamikaren baitan 2018rako proposatu den “11 egun euskaraz” ekimena aurkeztuko du gaurkoan Kike Amonarriz soziolinguista, umorista eta telebista aurkezleak. Aurkezpena Oihaneder Euskararen Etxeko ur-biltegian izango da.

Aurkezpen-hitzaldian ekimen horren harira Araban sortzen ari diren herrietako batzorde dinamizatzaileetako biren ordezkariak elkarrizketatuko ditu Amonarrizek, Zuiakoak eta Arabako Mendialdekoak.

Hain zuzen ere, aurkezpen hitzaldi hau Euskaltzaleen Topagunea, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, “11 egun euskaraz” ekimena ezagutzera emateko  Arabako herri eta Kuadrilletan egiten ari den aurkezpenetako bat izango da, eta bi herri horietako batzordeen elkarrizketen bitartez herri eta auzo gehiagotan antzekoak sortzeko gonbidapena egin nahi dute antolatzaileek.

“11 egun euskaraz” ekimenak, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean,  euskaraz ulertzen dutenen aktibazioa bilatuko du, bakoitzak duen gaitasunaren arabera, Euskal Herriko herri guztietan. Horretarako herritarren eta Udalen batzorde dinamizatzaileen sorrera bultzatzen ari da, herritarrak eta Udalak, elkarlanean, euskararen erabileraren sustatzaile nagusiak izan daitezen.