Arabako emakumeak lanean, 1890-2000

martxoa
02
osteguna
19:00
2017

argazkiak-oihaneder-ikurraArabako emakumeak lanean argazki erakusketa inauguratzeko, erakusketa sortzeko aholkularitza lanetan aritu den Aritza Sáenz del Castillo ikerlariak bisita gidatua eskainiko du.

Bertan argazkien testuinguru historikoaz arituko da Sáenz del Castillo eta Iker Durana Oihanederreko teknikariak irudien aukeraketaren nondik norakoak azalduko ditu. Argazkiak garai bakoitzeko lekuko mutu bilakatuko dira. Peter Burken hitzak geureganatuz, “irudi baten atzean beti esanahi bat aurki daiteke”, beraz horri begirako saiakera egingo da. Argazkietatik haratago joan eta garai bakoitzeko gizartean emakumezkoek jokatzen zuten rola aztertuko da.

Bisita gidatuak, erakusketak bezala, historiako lau epealdi nagusi islatuko ditu: Borboien Berrezarkuntza, II. Errepublika, Frankismoa eta Trantsizioa eta Demokrazia. Garai bakoitzeko testuingurua irudikatzeko emakumezkoen ogibideen argazkiak izango ditugu bidelagun.

Aritza Sáenz del Castillo Historia Garaikidean doktorea eta Gasteizko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da. Bere ikerketa lerro nagusienak emakumeen eta generoaren historia eta hezkuntza eta generoa dira, jakintza eremu hauetan hainbat argitalpen dituelarik, besteak beste, Las Damas de Hierro: La participación de las mujeres en el mercado laboral de Vitoria-Gasteiz (1950-1975).