Anita Parker Jazzaharrean 2018

uztaila
07
larunbata
21:30
2018

Jazzaharrean Gasteizko Alde Zaharreko musika beltzen jaialdia da. Aurtengoa 12. edizioa izango da, eta berrindartuta dator: uztailaren 3an hasi eta 10ean bukatuko da.

Eguraldia bezala aldakor dator aurtengo edizioa: taberna berriak eta espazio berrituak, baina beti bezala jazz jasa aldakorrak, funk eurite sendoak, soul ekaitz mardulak, swing ostarte zabalak eta blues txingor mehatxagarriak izango dira. Espero dezagun benetako eguraldia eguzkitsu izatea eta bota beharrekoak musikariek eta beren doinuek baino ez botatzea. Zortzi egunez izango da non gozatu musikaz Gasteizen, non bila musika-oldea.

Oihaneder Euskararen Etxeak berriro bat egin nahi izan du jaialdi honekin, eta horretarako kontzertu erakargarria antolatu du uztailak 7an. Anita Parker taldea igoko da Falerina lorategiko oholtzara.

Horrela aurkezten du bere burua talde arrasatearrak: “Ni Anita Parker naiz, aurpegirik gabeko Anita, ez zidaten bigarren izenik jarri eta edozein Parker. Swing zalea. Agian swingerra swing zalea naizelako….Beraz, musiken trukaketa dut gustoko”.